Antton Negeluak sortürik - 2014

1658,Toulonjon.StMartin[B.11b]

Catégorie : Beste Publication : Astehartea 6 Urtarrila 2015

Parise, 1658ko urriaren 27a
    Ene lehengusu jauna.
    Nere berrien eskuratzea aspaldikoa da, (…) Erregeak bere bidaian segitzea galdegin daut eta baikorrak baizik ez nituen bidali nahi ; jakinen duzu Gramontko Marexal jaunaren heltzea itxoin dudala nere egitekoaren finkatzeko. Bere abisua da eremua erosi behar nukeela, ekaineko erabakiak ematen baitaut ahalmena, diru biltzeko lana hasi baino lehen, uste du jakin behar dudala ea ene Baionako usaiako errentekin Troisvillesko jauna gogobete izango denez, eta horretarako, Lescarko apezpikuari eskatu zuen joan ledin ikustera horren proposatzeko. Erantzun zuen diru beharra zuela eta aurrean ikusiko zuenean, gogo honez eskuratuko zuela. Gero ideiaz aldatu gira eta hautatu dugu beste manera batez gauzen eramatea eta bide ohoretsuago batetik joatea, horrek Erregeari kereilaren aurkeztera behartu gaitu, erranez erabakia zinez injustua izan zela, bagenituela hemeretzu botz hogeita baten kontra, baita kantzelaria, txosten egilea eta komisarioak gure alde zirela eta eskaeraburuen, bere aurrideen, jukutriengatik genuela afera galdu eta funtsean nahi genuena zela bere zerbitzari fidelek ez dezaztela gal beraien pribilegioak eta usaia desagerturik gelditzea. Ondorioz Erregeak bere aitzinean aferaren berriz aukeztea hautatu du eta horrela gauzak geldian egonen dira, berak beste gisara erabaki arte. Erabakiaren hitzak eta erran nahia ontsa irakur ezatzu, zeren errana denean Erregearen aurrean komisario berdinek aurkezpena egingo dutela, Zure Maiestateak nahi du afera erabaki gabean egotea, eta bestetik ulertzen da afera geldian egonen dela, ulertzen dut biziko girela bizi izan giren bezala, hala nola gure egoera arruntean, gure usaia eta ohidurekin. Haatik ondorioak atera izatzu eta nola, itxura guzien arabera, gure kausa irabazi dugun, zeren Zure Maiestateak gure eskubideak ez dizkigu kendu nahi, eta gainera, Erregearen aitzinean eskaera aurkeztuko duten kanziler eta komisarioak gure aldekoak dira. Ministroetaz ere arduratzen niz. Hortik afera ontsa irabazia dugula ikus dezakezu, epaiaren burutzea nere gain da eta nahi dudan epean iraunaraziko dut eta gozamen ederra heldu zauku zeren Troivillesko jaunak bere erabakia zabaldu du  eta eremuaren berrerosteko klausula onartzen du, abantaila handia da orain, lehenago galdu genuena.
    Erraiten da Vandomeko jaunak Pinthièvreko dukerria saldu duela eta Guicheko kondeari ehun mila libra goratik pagatu behar dituela bere ezkontzatik eta neri eman behar dituela usaiaren eskuratzeko, ene anaiak eremuaren erostea aholkatzen daut ; nahi dudana eginen dut.
    Iruditzen zaut afera honetarik ustezko ofizier berriak ontsa ateratzen direla zeren oraikoan esperantzarik gabe gertatzen dira, azpijokoetatik kanpo eta bere lekuan jarriak geroko. Nahitara finkatzera nolaz horrela erauzi diren ez dut ulertzen, ehun erabaki bata bestearen gainean izanik ere, ez nuen pairatuko et beti eragotziko nuen. Nobleziako zindik jaunari idazten dut, herri eta deganer hartze gutunak baizik ez eta beste gauzentzako zure gain uzten dut. Aitortzen dauzut ez zautugula aski goraipatu, zeren auziaren galtzeaz denak atsegabetu izateko ordez, ikustea gure aldea tokian bertan erabakiaren gauzatzen eta ni aldiz Flandresetan Erregearen ondoan, hiru ehun legoatan urrundua, fiertasunez atxiki zaitezte eta irmotasun zinez txalogarria agertu duzue, ezeretaz ez daitezen dolutu berma izatzu, otoi, eta barkoaren gobernatzen utz nezatela.
    Bikario orokor jaunari ene partez bere adiskidetasunaz eta merituaz goresmenak egizkiozu, apezeriako jaunak  berdin gorets ditzan. Lamourous jauna nitaz pleinitu da ez dudalakoz utzi Oloroneko apezpiku izaten.           
    Zure ikustera joatekotan nintzen baina Erregeak galdegin daut bere bidaian segitzea ; denbora batez berarekin egon ondoren, Lyonen utziko dut eta Languedocetik pasatzez zure ikustera helduko naiz eta igurikatzen dut urte bukaeran zerbait edanen dugula elgarrekin.
    Ene bidaiaz aski kontent izatekoa badut, bi apezpikutegietako pentsioak eskuratu ditut, mila ezkutu bakoitza ; eta gainera, Gramontko Marexal andereak sei mila zilar ezkutu eman dizkit, Erregearena den Baionako usaiaz nituen asmoak utzi ditudalakoz. Donibane Garaziko soldado-taldeburu komisioa eskuratu dut, Nafarroako hazkurri etekinetik mila librakoa, Estrackoak beste bost ehunak ukan ditu.
    Gaur egun Dijon aldera bagoaz ; nehork ez daki Erregearen bidaiaren egiazko helburua, ofizialki errana dena da Burgoina, Lyon, Dauphiné, Probentza eta Languedocko estatuak bilduko dituela, legezko abisuen jartzeko eta dohaintzen handitzeko ; benetakoa dena da Savoieko Infanta esposatuko duela, baina ez badu ederra aurkitzen, ez du hartuko eta estatuen biltzea izanen da estakurua. Adio, ene bihotzeko lehengusu jauna, beti maitatzea eskatzen dizut. Gramontko Marexalarekin karrozan sartzen niz segituan ; Jinkoak bidaia on bat egin diezagula.
    Ez dizut aski goraipatuko Oihenartkoak afera honetan agertu duen arreta, ezagutza, gaitasun eta atxikimendu hanitx agertu baitu zerbitzuan. Ene etxera itzultzeko Larre hotelburua abiatzen da zortzi egunen buruan eta Xiberoatik pasatuko da.
    Larrari ardien eskubidearen atxikitzea igurikatzen dut.