Antton Negeluak sortürik - 2014

1665:Bela.Apalak[B.14]

Catégorie : Beste Publication : Astehartea 6 Urtarrila 2015

 

Belako Jacquesen Apalak

 

G. Clement Simonen erauzkinak

 

Arteak – Arteari dagokionez bakoitzari berea eman beharra dago (…). Xiberoako Maule parropia honetan ezagutzen ditut hiru sarrailgin : Balaganko Pierre delakoa pistolen pitzgailu eta arkabuza egiten nagusia dena eta ez horrenbeste eskopetetan, bestea Netholko Bernat delakoa biziki ona eskopetetan eta pitzgailuekin ez duena lortzen, eta delako sarrailgin, arkabuzagin eta bolboragin guzietan inork ez daki aho-burdina, ezproi eta bere arteko hainbat gauz Landetxepareko Grazian bezala, arkabuzagin eta sarralginetan hirugarren maisua, honek bai ederki egiten ditu aho-burdinak, ezproiak estriboak etabar (..).

 

 

Dantza – Egungo dantzak arriskugarriak dira, dantzari gehienen helburua da pudoreari traba jartzea. Halaber dantza izena gormandiza izenetik dator seinalatzeko gehiegizko jan eta edanetan duela iturburua, pantzatik dator dantza. Paganoek ekarri dute dantza, haien jinko faltsuen kultuko parte da dantza, eta zaharrek deitzen zituzten kultugileak Saliesak, erran nahi baita jauzkariak, hauen karguaren parte zen dibinitateen aurrean dantza eta jauzi egitea, zorigaitza ez da orano errotik ateratua, ez Euskaldunetan ere, oraiko erretor batzuetan, eta dantzari onak izanki, jendeen artean dantzan ari dira karriketan, igande egunetan, meza berrietan, parropiako bestetan eta denbora pasetan (…). Jinkoak ez ditu zigorrik gabe utziko, nolabait erraiteko, martirien hilobien gainean dantza egiten dutenak, arduak beroturik, San Josefen zimurdura deitoratzeko ordez.

 

 

Aldaketa – Xiberoako bizkonderria eta errege eremua salduak izan ziren Peyreko Arnaudi, erregearen zaldizko mosketeroen kapitaina eta Zure Maiestatearen armadetako zelaiburua, Iruriko Elizabe aitorseme etxearen jabea, 1642ko maiatzean Xiberoako hiru estatuak salmentaren kontra altxatu ziren eta Zure Maiestateari eta kontseiluko kideer kontrako eskaeraren aurkezteko bidali zituzten ordezkariak, erregearen menpeko zuzenean gelditu nahian, kontrako galdera zuzena eta azpijoko gabekoa. Arerioak irabazirik ere, kausaren epaileek ez zuten anbizio batzuri biderik zabaldu nahi, aldiz guk, errege ofizierrek, beste erabaki baten bidez, lortu dugu hemengo justiziak erregeburu atxikirik izatea, erregearen menpekotasun hurbilean.

 

 

Errebolta – Xiberoan 1643ko urtean laborari batzuk irain handiak bota zituzten Zure Maiestatearen ofizierren kontra, Mendikotako notari Irigaraikoak eta Grazian bere semeak bultzatu zituzten, hauek Iruri Peyreko jaunaren zerbitzukoak, honek errege eremua eta bizkonderria erosi zuelarik, Xilbiet oihanean bildu ziren, handik armada lerroetan behera abiatu, errege prokuraia zalditik beheititu eta oinez bidali, Belaspectkoa eta Iribarne Jauregiberrikoa preso hartu zituzten et Undureineko elizan sartu eta han atxiki hogei orenez, hurbileko haritzaren adarretik urkatzeko mehatxupean, eta beste irainak entzunaraziz ; eta 1646 eta 1647 urtetan berriz bildu eta altxatu ziren Toulonjonko kondearen kontra, hau Baionako hiri eta gazteluetako errege gobernaria, errege kontseiluetan kontseilaria, armaden zelaiburu eta Xiberoako errege gobernaria eta gazteluburua, ondorioz Iruriko Ahetzkoak barkamenak eskatu zituen, hau Peyrekoaren prokuraiaren semea izanki (…).

 

 

Eskaintza – Hirietako eta beste lekuetako apezak beraien eskubidetan atxiki behar dira, usai zahar eta txalogarriek agintzen duten bezala eskaintzen eta beste parropiako eskubideen jasotzeko, quae ex pietate introductae sunt. Pariseko parlamentuko erabaki zaharrek eta beste lekuetakoek ere onartu dituzte eskubide horiek, eskaintzak izan daitezen de concilio non de proecepto (...). Xiberoako Pettarreko eliza batzutan garizuma denboran, eskaintzen da bakailao, txardina, etabar. Beste elizetan jaun baten lurperatzean zaldi bat eskaintzen da, gizon baten hilobiratzean ahari bat, emazte baten ehorztean ardi bat, gizon praubeenean kapoi bat eta emazte praubeenean oilo bat, eta denentzakoetan hanitx ogi, ezko kandela, sagar eta atzar saiheski, etabar. Debozioz egin emaitza horiekin, batek ohiduraz segitzen du, besteak eskuratzen dituen apezaren amodioz, besteak beraien handikeriaz, besteak apezaren mehatxupean (…).

 

 

Auzi – Auziaren gizentzea eta luzaraztea da dekalogoko seigarren manamenduaren kontra joatea. Oztopo horren gainditzeko hemen eta Xiberoako beste leku batzutan, Lextarreko kortea intzaurrondo batean azpian biltzen zen, Mauleko zubitik hurbil, auziak erabakitzen zituzten, laburzki, epaile epaitzenek, aitorseme, potestak eta beste lurjabeek. Gaur egun oraino, 1665ko uztailaren 4 honetan, Larraineko priorak, urte baterako izendatu gizon laiko eta arruntak, kausak erabakitzen ditu idatzi gabe.

 

 

Zigortu – 1661ko ekainean Xiberoan izan zen Goihenetxeko Bernard jauna, apeza eta Mitikileko erretorra, herren estatuko kideak erreboltarazi zituen, erranez sakelan bazuela errege eta erreginaren gutuna eta bost sei mila laborari bildurik, erreformatuen tenpluak erauzi zituen, errege justizia erabili, aitorsemeeri isun ezarri, etxeak desegin, batzu preso sartu, herrian dirua altxatu, eta beste desorden hanitx, Bordeleko parlamentutik buru moztea lortu zuen, Monhort bere konplizearen urkatzea, eta beste jendailak erregearen amnistiara behartua izan zen.

 

 

Zerga – Erregea da Xiberoa osoko bizkonde eta justiziaburu jaun bakarra. Urtean bere eremuak eta beste tasek ekartzen zioten 4.700 libra. Lehenago herren estatuaren gain bazegoen 3.000 librako zerga (taille) eta Henri II erregeak zerga guziak kendu zituen, ikusiz herriaren pobrezia baita Frantziako koroari agertu zuen fidelitatea. Grazia hori ondoko erregeek, baita oraikoak ere, konfirmatu dute.

 

 

(…) beste batzuen artean, apezeriako Oloroneko apezpikua eta Urdinarbeko komendari Chaboiskoa, eta nobleziako Moneins eta Mesples jaunak, denak Iruriko jaunaren arerio eta bere fortuna onaz jelos, baita Oihenartkoa eta Bonnecaze, herren estatuko zindikak, herrian mugimendu izateaz kontent ziren, handitzeko eta aferen erabiltean aberasteko (…).