Antton Negeluak sortürik - 2014

Grosclaude.Usaia[B.25b]

Catégorie : Beste Publication : Astehartea 24 Bantaila 2015

 

Xiberoako Usaia

 

1760ko argitalpenaren okzitanierrazko idatzia

Michel Grosclaude-ren itzulpen, nota eta oharrak

Izpegi argitaletxea - 1993

 

Abisua(1760koa)

Irakurlea abisatua da Bordelen inprimatutakoaren kopiatik egina izan dela inpresio hau, horrek bazituen huts hanitx, batzuk zentzua bestelakatzen zuten, ez aipatzeaz edo hitz batzuen gehitzeaz, eta horien zuzentzeaz ardura hartu dugu. Horretarako 1604an Parisen argitaratu ale bat erabili dugu eta 1533eko beste edizio zaharrago bat, eta horiek Bordelekoarekin konparatu ditugu. Ondorio erran dezakegu edizio berri hau besteak baino zuzenagoa dela, bai fidelitatea begiratuz edo ortografia, eta ahal zen heinean biarnear hizkuntzaren ahozkatzera hurbildu dugu, hizkuntza honetan idatzia beita Usaia hau. Gainera harritzekoa bada, jakinez 1520an idatzia izan dela, Xiberoa Frantziako Koroaren eta Bordeleko parlamentuaren meneko zenean, nola ez den frantziar hizkuntza erabili edo Euskara, herriko hizkuntza arrunta ; baina harridura desagertuko da, pentsatzen bada garai horretan akta publiko guziak Biarnearrez egiten ziren, erabilera zaharra izanki.Marcako jaunak erabilera honen zergatia adierazten du bere « Histoire du Béarn » 5. liburuko 16. kapituluan, non erraiten duen hamaikagarren mendean Biarnoko printze batek, Gaston IV izenekoak, Xiberoako bizkonderria menean hartu zuen, bertan jarri zituen Morlaasko Foru eta Usaia, jadanik Biarnoan erabiliak zirenak, eta horrela ulertzen da Biarnoko eta Xiberoako Usaien hurbiltasuna. Errexkiago ulertzen da nola, Xiberoa mendeetan Biarnoko printzen meneko egonik, herriko kargudunek ohidura hartu zuten biarnearrez mintzatzeko eta akta publikoetan erabiltzeko, eta nola ohidura horrek segitu zuen poderea Frantziako Koronarat aldatu ondoren ere, Francois Iek 1539an ordenantza bat zabaldu arte, honen 111gerren artikuluak beharrezko jartzen zuen frantziar hizkuntzaren erabilera akta publiko guzietan, justizia edo notari etxeetan.

 

 

Oharrak

Usaiako idatziaren argitalpen jarraiak

Badakigu Xiberoako Usaiaren idatziz jartzea agindu zuela François I erregeak, gutun-agiri bidez, 1520ko martxoaren 5an. Erregearen agindua segituz, Xiberoako kargudunak (Eliza gizon, noble, jurista eta herritarren beste ordezkariak) bildu ziren Lextarreko kortearen etxean urrairen 7an. 1520Ko urriaren 21an lana burutua zen eta idatzia zigilatua. Datu horiek, idaztean parte hartu zutenen izenak, denak Usaia inprimituaren gehigarrietan aurkitzen dira.

Aldiz, ez dakiguna da (zuzenean ez, zeiharka asmatzen ahal da) idatziaren aurre-historia, hots nola zen Usaia idatzia izan baino lehen eta nolako bilakaera ezagutu du, guk orai ezagutzen dugun 1520ko idatziara hel artino. Ez dakigu ere zer historia izan zuen 1520ko idaztearen eta 1533ko inprimitzearen artean. Segurrenik, eskuz idatzitako kopia batzu erabiliak izan ziren eta batek modelo kargua ukan zuen lehen inprimatzailearen eskuetan. Dudarik gabe kopia baten eskuratzeak interes handiena sor lezake. 1533Tik aitzina zortiz (edo bederatzi) argitalpen jarrai ezagutzen ditugu, horietan berrogei ale bada gaur egun. Honela zerrendatzen dira :

1 – 1533ko argitalpena. « Les Coutumes générales du pays et vicomté de Soule. Bordeaux ». Inprimazalea: Morpain ( Carmes ondoan). Baionako herriko liburutegian ale bakarra, R.583.

2 – 1576ko argitalpena. « Les Coutumes générales du pays et vicomté de Soule. Bordeaux ». Inprimazale: Milanges (St Jamme kalea). Bost ale : Baionako euskal erakustokia P.1320 ; Bordele herriko liburutegia Br.8427 eta Pf. 13993 ; Pau AD U.1068 ; Saintes herriko liburutegia 22.670.

3 – 1603ko argitalpena. « Les Coutumes générales du pays et vicomté de Soule. Bordeaux ». Inprimazale: Milanges. Zazpi ale.

4 – 1604ko argitalpena. 1670ko argitarazaleak seinalatua eta Pariseko François Pic-ek egin erroldan ez dena agertzen.

5 – 1661ko argitalpena. « Les Coutumes générales du pays et vicomté de Soule. Bordeaux ». Inprimazale: Milanges Mongiron. Hamar ale.

6 – 1692ko argitalpena. « Les Coutumes générales du pays et vicomté de Soule. Bordeaux ». Inprimazale: Jerome Dupoux, Pau. Bost ale.

7 – 1760ko argitalpena. « Les Coutumes générales du pays et vicomté de Soule. Bordeaux ». Inprimazale: Dugué Desbarratz, Pau. Zazpi ale.

8 – 1760ko argitalpena. « Les Coutumes générales du pays et vicomté de Soule. Bordeaux ». Inprimazale: Lacomée, Bordele, parlamentuko inprimazalea. Bi ale.

9 – 1769ko argitalpena. « Les Coutumes générales du pays et vicomté de Soule. Bordeaux ». Inprimazale: Desbarratz, Pau. Hiru ale.

1760Ko argitalpena hautatu dugu. Argitalpen berantiar baten hautatzea kontraerranko ager daiteke, bazterrean utziz 1533koa. Baina hautuaren arrazoiak bistakoak dira. Lehenik, edizio guzien artean Bordeleko argitalpenari hobetsi dugu Paueko edizioa. Pentsatzen dugu (aitzin iritziz, egia da) Paueko inprimazaleak biarnoar hizkuntzaren hobeki ezagutzeko lekuan zirela, Biarnoan idatzietako hizkuntza ofiziala izaten jarraitu zuelako Bordelen baino urte gehiagoz, eta hizkuntzaren ezagutze hobe baten eta huts gutiagoren aurkitzeko esperoan zeuden.

Bigarren arrazoina da 1760ko argitalpenak bere abisuan benetako arrengura kritikoa azaltzen du, bai edukinean bai hizkuntzan. 1760Ko pauetar inprimazalek erraiten dute hiru edizio konparatu dituztela : Bordeleko edizio bat (ez dute erraiten zoin baina bertako huts nabarikak bai), 1604ko Parisekoa eta 1533koa. Gaineratzen dute ortografia hurbildu dutela biarnoeraren ahozkatzera. Beraz 1760ko argitalpenak helburu kritiko eta zainduak ditu. Guretako nahiko arrazoi dago horren hautatzeko, halere nahiaren heinerako emaitza lortua izan deneko galdera atxikiz.

Itzultzean erabili ditut Belako J. (1585 – 1667) abokatu eta xiberoatar magistratuaren oharrak. Horiek Bascle de Grèze-ren liburutegian ziren. Azken mendean kopia bat egina izan zen eta Pariseko Liburutegi Nazionalean da orain. Baionako euskal erakustokiak kopia (1331 orri) horren fotokopia dauka. Belakoaren oharrek argitasun paregabeak eskeintzen dituzte Usaiako idatziaren ulertzeko, baina etengabeko lerratzeek zailtzen dute irakurketa, ez direlakoz gaiari lotuak eta garaian modan ziren amaigabeko latinezko zitazioetan nahaisak. Deitoragarri da ere nola Belakoak azaltzen duen « bere itzulpena », jatorrizko idatzia parean jarri gabe eta, noski, zoin ediziotik atera duen erran gabe.

Izenik gabeko eta eskuz idatzitako « itzulpen » bat baliatu dut ere, Iraultza garaian egina seguraski, eta Mauleko notari Dihigo jaunaren zigilua badu. Gehitzen balinbada berriki P. Haristoy-ek agertu itzulpena, galdera zuzena helduko da bertan, ez zertarako beste itzulpen bat. Aurreko itzulpenak ez al dira nahikoak ? Horietarik baten berrargitaratzea ez zen nahikoa izango ? Egiazki, Xiberoako Usaiaren frantzierarako itzulpenak « hitzez-hitz »ekoak dira, batzutan ez ulergarriak, eta jadanik argituak baizik ez dituzte argitzen (…).

 

 

Xiberoako Usaiaren hizkuntza

« Biarnoera »ren erabilera

Xiberoako Usaiarekin lan egin duten guziek, aitzinekoak (Marcako P. edo Belako J.) edo berriagoak (Marcle, Nussy-St-Saens), denek galdera berdina azaldu dute : Zendako Xiberoako Usaia biarnoar hizkuntzan idatzia izan da, eta ez frantziarrez edo euskaraz ?

Termino horietan eginik (en ustez nahiko eztabadagarriak) galderak arazoa kokatzen du beranearraren eta Xiberoaren leku estuan eta ondoriozko erantzunak estutasunean gelditzen dira. Aipatzen dira :

- hurbiltasun geografikoa : Biarnoarekin mugakide da Xiberoa eta beste euskal eskualdeak baino gehiago biarnoar eraginen alde jarria.

- elizaren menpekotasuna : Oloroneko apezpikutzaren barne da Xiberoa.

- eta bereziki, Xiberoa Biarnoko bizkondeen meneko izanki, xiberoatar kargudunek juridiko saileko idatzietan « biarnoera »ren erabiltzeko ohidura hartu zuten. Azken argitasun hau aitzinatzen du Marcako Pierrek, ondotik hanitxetan nerriz erabilia, bereziki 1760ko edizioko Abisuaren idazlek. Oraino ere jakitunen munduaren mesedea badu.

Halere, hobeki abisaturik, Marcel Nussy Saint-Saens-ek zentzu onez ohartarazten du Xiberoa epe laburretan egon zela biarnoar bizkondeen meneko. Lehenik 17 urtez, 1086tik 1103ara, eta gero 40 urtez Xvgerren mendean : zinez eragin gutiko okupazioa « garaile » baten hizkuntzaren jartzeko.

Beste batzuk Gazkoinako leku zabalagoan kokatu dute arazoa, hala nola Belako Jacques-ek, azpimarratzen zuelarik : « Xiberoak Usaia gazkonieraz idatzia izan zen, ez Biarnoaren manekoa zelakoz, bena bai Gazkoiniako epailearen eta Akizeko epaitegien eremuan zelakoz, guziak Lannes-ko senexalerrian, oraino ere hori delarik Xiberoako deien kudeazailea ». Jaurgain-ek ideiarekin segitu zuen : « Xiberoan eta Lapurdin gazkoinera erabilia da akta publiko guzietan, justizian eta administrazioan, bi eskualde horiek Lannes-ko senexalerriaren meneko beitziren. ».

Argitasun hau aurreko baino zuzenago iduritzen zaut, baina ez da arazoa gibelarazten baizik, zeren galdetzerat behartuak gira ea nolaz gazkoiniera erabilia zen 1520an Lannes-ko senexalerrian eta Akizeko auzitegietan. Inglaterrako erregeen eragin iraunkorra aipa daiteke, horiek Garonatik Piriniotara doan zonaldean gazkoiniera jarri baitzuten kanzilerietako mintzaira. Hipotesi horretan gelditu zen Marcel Nussy Saint-Saens : « Inglaterrako errege eskubideak Xiberoan izan duen eragin inportanta aipatzekoa da ».

Argitasun argigarri batera heltzeko uste dut arazoa leku zabalago ezarri behar dela eta horretarako gertakari batzu oroitarazi :

1 – 1000 urteen inguruan, « oc hizkuntza » edo « okzitaniera » izenez oraino izendatu ez den hizkuntza batek latin hizkuntzaren segida hartzen du zonalde zabal batean, Saintes eskualdetik Alpes iparralderaino, Massif Central barnean hartuz, oraiko okzitanieraren eskualdeari gehiturik Charentes-ak eta Poitou-aren hegoaldea. Prinioen hegoaldean hizkuntza hori hedatzen da oraiko Kataluina osoan.

2 – Garai berdintsuan mugakide eskualdetako hizkuntzak okzitanieratik hurbil dira (Piémontera, Aragoiera).:

3 – Hizkuntza horrek distira oso zabala ardiesten du, latinaren segidaren eta Europako elite gehiengoaren hizkuntza kulturalaren hartzeko bidean jarriz. Distira horren iturria Trobalarien loraldi literarioan kokatzen da : Bi mendez soilik (XIIa eta XIIIa) 450 poeta ezagutuko dira eta haien lanak orano ere zabaltzen dira. Distira horrek europear elitearen hizkuntza bilakatuko du, eskualde batzutako hizkuntza herrikoia ez izanagatik ere :

- Lehen Trobalaria, Poitiersko Guilhem, « oil » hizkuntzako eskualdekoa da.

- Italian, Dante (honek zuen « oc hizkuntza » izena zabaldu) horren erabiltzeko dudan egon zen bere « Divine Comédie » idaztean. François d'Assises santuak ere duda berdinak izan zituen.

- Hungarian, Gaulcem Faidit trobalariak bere olerkiak kantatzen zituen Erregearen aitzinean.

- Portugalen aldiz portugaldera hizkuntzaren eraikitzea da, trobalarien hizkuntzatik ateratako ortografia batekin.

Nafarroa, Gipuzkoa, Xiberoa eta beste euskal eskualdeak ere okzitaniera erabiltzen ez duten eskuladetan dira baina « oc hizkuntzaren » eragin kulturalaren mugandira. Gertakari batzuen aipatzea merezi du :

- 1200 urtetarik aitzina, Nafarroan eta Gipuzkoan, okzitanierak latinaren segida hartzen du idatzi juridikoetan eta zenbait akta ofizialetan, eta hori mende bat eta erdiz. Gainera azpimarratzeko da nola okzitanierak latina ordezkatu duen Euskal Herrian Biarnoan baino 30 urte lehenago (Biarnoan erromanierazko idatziak agertzen dira 1270an), argitasun hau nahikoa da baztertzeko argumentoa, hala nola Biarnoaren eraginak duela okzitanieraren erabilpena sartu Xiberoan.

Nafartar batek zuen « Canço de la Crosada »ren lehen partea idatzi oc hizkuntzan, Tudelako Guilhem (bere hizkuntza nafarra-kastillara edo euskara izango zen) Rouergueko Sanint-Antoninko kalonje kargura helduko zen. Alderantziz okzitaniar trobalari batek, Guilmen Anelier, izanen zen Nafarroako gerlen kronikalari XIIgerren mendean. Robert Lafont-ek dion bezala, horrek Pirinioen gainetik okzitandar mundu eta iberiar mendebaleko munduen loturak probatzen ditu, okzitandar kulturareln zabalkundea eta ez bakarrik trabalarien munduan (beste aldera Tudelako Guilhemena probatzen duelarik).

Amaitzeko, Xiberoako hizkuntza juridikoa okzitaniera bada 1520an, bakarrik ikus dezakegu tradizio baten jarraipena, garai batean hizkuntza horren distirak emaiten zion bidea latinaren ordezkatzeko administrazio, juridiko eta literario sailetan Europa mendebalde osoan, tradizio hori Inglaterrako erregeek segiarazi zuten gure eskualdean Ehun Urteko geralaren bukaerarraino.

Egia da 1520an okzitanieraren Urrezko Garaitik urrun gaudela. Okzinatia bateratua Toulouse-tik Barcelone-raino, Bordele kapitala zuen Akitania ingles-gaskoina, Foix dinastiaren piriniotako Estatuaren ametsa : hori dena iragana da. Estatu modernoak Parise eta Madrileko zentralismoen inguruan egituratzen ari dira. Biarnoak Nafarroarekin Estatu independiente bat egiten badu (mende batez oraino), Xiberoa aspalditik frantziar erresuman sarturik da.

Horrela ulertzen da Belako Jacquesen harridura galdetzen duelarik zendako Usaia ez den frantziar hizkuntzan idatzirik izan. Gainera, izan zitekeen : ez zen Villers-Cotterets-ko lege-aginduaren beharrik frantziarrez idatzitako akta juridikoen ikusteko okzitaniar lurraldeetan. Halere, garaian, ezerk ez zuen behartzen ofizialki akta juridikoen frantzieraz idaztera, Villers-Cotterets-ko lege-agindua ez zen oraino idatzia.

Alderantziz, Usaiaren lehen argitalpena agertzen denean 1533an, Villers-Cotterets-ko lege-agindua zabaldua 1539az geroztik. Nolaz Erregearen potereak ez du behartu frantzieraz itzultzeko galdera egin daiteke. Belako Jacques-ek berak argitasun hanitx agertzen du bere itzulpenaren aurkezten, eta horietan Villers-Cotterets-ko lege-aginduari konformatzeko nahia ! Horregatik bere itzulpean ez da sekula argitaratua izan. Eta Iraultza arte egin diren argitalpen guziek jatorrizko oc hizkuntza errepikatzen dute.

Erran behar da Xiberoako Usaiaren kasua ez dela bakarra. 1569An Albretko Jeannek agindu zuen "Styl de la Justici deu pays de Bearn" eta argitaratua izan zen lehen aldikoz Louis XIVen garaian eta oc hizkuntzan. "Fors et Coutumes de Basse-Navarre"-arekin berdin gertatu zen. Eta idatzi horiek berargitalpen hanitx izan dute, denak oc hizkuntan eta inoiz frantzieraz. Horrek sinesterat emaiten du Erregimen Zaharreko juristek ez zutela konsideratzen Villers-Cotterets-ko lege-aginduak atzera eragin dezakenik eta beraientzat, jatorrizko okzitanierazko idatzia zen erreferentziadun idatzia.

Azkenik galda genezake zendako Usaiaren testoa ez den euskaraz idatzirik izan, jakinez euskara zela Xiberoako hizkuntza herrikoia ? Teoria mailan ez da ezinezkorik. Batzuek erran dutenaren kontra, garaian, euskara hizkuntza idatzia da. Detchepare-ren 'Linguae Vasconum Primitiae » bilduma poetikoa (1545) eta Lizarraga-ren Testamendu Berriaren itzulpena (1571) dira euskarazko ekoizpen literario handiak, aspalditik hizkuntzak gaitasunak ditu idatziaren zerbitzatzeko, horren lekuko 1415an Iruñeako hautetsiek bidali guruna Donibane Garaziko hautetsier. Ondorioz, okzitanieraren aldeko tradizio luze batek zuen Usaiaren euskaraz idaztea oztopatu.

 

 

Hurbilketa linguistikoa

Ikus dezagun orai zer balio duen « biarnear hizkuntza » terminoak, Xiberoako Usaiaren hizkuntza aipatzean, idazle gehienek bakiatzen duten terminoa.

Eskuetan dugun 1760ko idatziak berriz hartzen du (ortografia eta inprimatze hutsak aparte) 1533ko idatzi bat. Oraiko edozein biarnoarzalek ikus lezake zein distantzia dagoen Usaiaren idatziaren eta orai erabilia den hizkuntzaren artean. Eta gaineratzen ahal dugu Usaiako idatzia 1760ko mintzairatik, berdin 1533ko mintzairatik, aski desberdintzen dela.

Desberdintasun horren oinarri bakarra da hizkuntza juridiko bat dela auzitan. Alta, okzitaniar kultur espazioan eta XIVgerren mendean, juristen pratikek eraikitzen dute « koinè » bat, erran nahi baita Okzitania osorako hizkuntza amankomun bat eta honek handizki ezabatzen ditu lekuko ñabardurak. Horrela Gaskoinan egin idatzi juridiko bat ezagutua izanen da gaskoinar mintzairakoa bezala, ñabardura batzueri esker, baina izanen da « zernahitara »ko gaskoiera, benetako idazlearen pratikatik aski hurrun. Horregatik biziki zaila egiten da lekukotasunaren zehaztea, idatzi bat biarnoar, landetar eta bigorratar denez esateko, bakarrik xehetasun nimiño batek seinala dezake zerbait.

Amaitzeko, 'biarnoar hizkuntzan » idatzia izatea kontsideratu ala ez, galdera aski hutsa da. Auzitan den idatziaren mintzaira (testo juridiko guziak bezala) okzitaniera estandar batera doa lekukoetako berezitasun batzu atxikiz. Honela ikerketa linguistikoa « koinè »ko elementuen kondatzera muga ditaike, « gazkoiera » eta « biarnoera » bezala klasifikatzeko datu dilektalak zerrendatuz

 

1 – Sintaxiaren saila

a – Okzitaniera zentralari konparatuz, gaskoineraren karasteristika nagusia hitz baten erabileran da, beste hizkuntzetan ezezaguna dena : ahozko enuntziazailea. Gaskoinerazko perpaus nagusietan, ahozko erranaldi baikorren aitzinetik jartzen da « que » enuntziazailea. Eta idatzi osoan kasu bat baizik ez dugu aurkitu. Ez da harritzekoa, zeren « que » enuntziazailearen erabilpena zabaldu zen XVIIgerren mendetik aitzina eta bestaldetik, Biarnoko « koinè » juridiko-administratiboa erabiltzeko uzkur ibili da beti.

b – Alderantziz, kasi segur da Usaia idatzia izan den garaian, herrikoi hizkuntzak erabiltzen zituela nasaiki izenordain personal osagarri silabagabeak. Izenordain horiek ez dira agertzen Usaian eta izenordain osagarri osoak dira erabiliak. Halaber herrikoi hizkuntzak esaten zuenean "non es tengut de'u pagar", Usaian agertzen da "no es tengut de lo pagar" (ez da behartua pagatzera ). Hemen ere izenordain osagarri silabagabearen ez erabiltzea Biarnoko « koinè » juridiko-administratiboaren ezaugarria da, benetako hizkuntzatik zinez bereizia agertzen duena.

D – Ohar berdina artikulu definitudun posesiboaren erabileraz. Usaiaren idazteko garaian, posesibo horren erabilera seguraski orokortua zuen hizkuntza herrikoiak. Alta Usaiaren idatzian artikulugabeko posesiboa agertzen da beti : "sao pay, sa may", aldiz XVgerrenaz geroztik hizkuntza herrikoiak erraiten zuen : "lo son pay, la soa may". Artikulu definitudun posesiboaren ez erabiltzeak seinalatzen du okzitaniera ertain batean kokatzeko arrengura.

 

2 - Morfologiaren saila

a – Gauza jakina da gaskoineraren ezaugarri nagusia dela « f » latinetik (bereziki sarreran denean) « h » arnastura pasatzea. Hizkuntza ahozkatuan aldaketa XIIgerrenean egina zen eta behar bada lehenago. Alta gaskoiniar eta biarnoar notariek ez dute inoiz onartu aldaketaren sartzea hizkuntza idatzianeta « f »a atxiki dute 1789a arte. Ez da harritzekoa beraz Usaian idatzirik ikustea "far, deffore, filh, foec", hitz horiek ahozkatzen zirelarik "har, dehore, hilh, huec", garaian eta orain bezala.

b – Gaskoineraren beste ezaugarria da bokalarteko « n »aren galtzea, eta gutxitan ikusten da idatzi juridikoetan. Halaber Usaiako idatzian ikusten da « une » (artikulu definitugabea), alta gaskoinerak « ue » idaztera behartuko zuen, berdin « menar »ekin gaskoinerak « miar » jarriko zuenean. Alta oso lekuko hitz baten kasuan « degaerie » « degan-en eskualdea, = zinherri, zinegotzi), « n »ren galtzeko forma berezi gaskoinera azaltzen da.

D – Gaskoineraz erradikal latinoa burutzen duen « ll »a « t » bilakatzen da eta « r » » bokalartean denean. Landegoc aldean « aquel/aquela » esaten delarik, gaskoinerak « aquet/aquera » esanen du. Gei horretan Usaiako idatzia zeharo gaskoinera azaltzen da, ikusten baita « vetet » (arretxea) eta ez « vedel » okzitaniar estandardean bezala, edo « anhet » eta ez « anhel ».

e - « t » baten ondotik « r »aren galtzeari doakionez, Usaian ikusten da gehienetan "meste, bater, metter" (eta ez "mestre, batre, mettre"), eta alderantziz, beti erabilia da « autre » , koine formakoa, eta ez gaskoinera arrunteko « aute ».

 

3 - Lexikoaren saila

Usaian erabiliak diren hitz asko sartzen ahal dira gaskoinera, bereziki laborantza mundukoak "arriu" (erreka), "arrolhe" (lubaki), "arramat (saldo), "parguie" (lorio), "coeinte" (asunto), etab. Alderantziz koine mundukoak dira "jorn" ( "dia"ren ordez = eguna) gaskoinera izan daiteke baina inolaz ere biarnoera, "cascun" ("cadun"en ordez = bakoitz), "degun" ( "nat"en ordez = bat ez), etab

.

Amaitzeko, Usaiaren idatzia gaskoiniera sailean kokatzen ahal da baina gaskoiniera estandarda batean, ez da garaian Biarnon edo hego Gaskoinian erabilia zen mintzaira bat, Xiberoatarrek ezagutu ahal lezaketen mintzaira bat, jakinez batzu elebidunak zirela. Gaineratu nahi dut koinera lerratzeko joera ez da beste biarnoar idatzietan baino handiagoa.

 

4 – Gallizismoen geia (...)