Antton Negeluak sortürik - 2014

Matalaz.Desplat[B.31]

Catégorie : Beste Publication : Astelehena 22 Bantaila 2016

 

Pau-ko Unibersitateko Historia irakasle

Christian DESPLAT-en ikus moldea

 

MATALAZEN IRAULTZA

    Xiberutar zuzenbideak laister beste printzipio feudal bat ukango zuen oztopo gisa, XVI. mendetik goiti geroz eta sarkorragoa izanen den erromatar zuzenbideak are gehiago sendoturik : « jaunik gabeko lurrik ez », hots jaun ezezaguna zuen lur oro erregearena bihurtzen zela. Gisa horretako ikuspegi batek erregearen finantzak errazten zituen, baita erregaren ofizialak ere ; bestalde, baltsako lurrek (edo lur amankomunek, ndtr) beren erosteko eta ustiatzeko gai ziren partikularren gutizia akuilatzen zuen. Ustiabide komunitarioa, lur horien administrazioak Silviet-ari ematen zion autoritatea, biltzar popularra, horiek guztiek ez zituzten laket.

    Alta Luis XIII.-ak diru behar premiatsuak bazituen : 1639ko martxoko ediktuak erregearen funtsen salmenta agindu zuen. Xiberuko baltsako lurrak, herriko justizia eta bere meneko eskubideak bezala, erregearen jabetzaren barne kontsideratuak izan ziren, eta 1640an enkanteetara emanak.

    Xiberuari aplikatua izan ez zitzaion ediktua ukatzera saiatuz ber, Xiberuko Estatuek diru mailegu bat negoziatu zuten azken finean populuarena zen lurra berriro erosteko. Bi diputatuek, Arnaud d’Oihenart, euskal historialari handia, abokata, eta Bonnecaze-ek, orotarat 84.000 libra mailegatu zituzten. Monaineko markisak eta Mesplés-eko baroiak hartzekoa erosi zutenez, ordainketa eskatzen zuten. Bitartean, erregearen jabegoa Hiruriko kondeari saldua izan zitzaion, 70.000 librarentzat.

    Arnaud Jean, Hiruriko kondea, Alexandre Dumas-ren Tréville delakoa, egiazki Jean de Peyrer Olorueko merkatariaren semea zen, 1607an Elizabide eta Casamajor jaun etxeak erosi zituena Hirurin. Arnaud Jean-ek karrera militarra ohoregarria egin zuen, eta gortean leku garrantzitsu bat lortu zuen gaskoin klanaren laguntzarekin : ordenean erregearen zerbitzari gazte izan zen, frantses gardetan kadet, mosketarioen kapitain 1643an, Estatu kontseilari, Kanpamenduko marexal, ganbarako jaun arrunt, Marsan, Tursan eta Gabardan-eko gobernadore eta « sénéchal », dena baimendua zaiola dirudi. Xiberuan, Montory-ko baronia erosten du, eskubide batzuekin Haux, Laguinge, Restoue eta Atherey-en, eta, 1643an, Hiruri konderri mailara igotzen du. Erosketa honen bidez eskuratu dituen eskubide guztiez baliatzea asmo du. 1642an, gobernatzailea Belzuntze den Mauleko gaztelua eskatzen du, eta azken finean Belzuntze kanporatzea lortzen du. Ondotik, Xiberuko justizia bereganatu nahi du, beraz epaile zibil bat eta epaile kriminal bat izendatzen ditu. Baina Lextarreko magistratuek Hirurik izendaturiko epailea kartzelaratzen dute. Azkenean, Erregearen Kontseiluaren erabaki batek erregearen jabegoaren salmenta ezeztatzen du. Dena konponduko dela dirudi.

    Ordea, Xiberuko Estatuak borrokatze ari dira Mesplés eta Monaineren aurkako epaiketa batean. Erregearen Kontseiluak epaiketa Rennes-eko Parlamentura bidaltzen du. Epaiketaz epaiketa, maileguaren 84.000 librak airatu dira. Bestalde, erregearen jabetzaren berrerosketa Xiberuari egoztia zitzaionez, xiberutarrek ordaindu beharko zuten Erregearen Kontseiluak berak, salmenta hautsiz, berea kontsideratzen zuen funtsa.

    Bukatzeko, azken gertakari batek iraultza piztu zuen : Luis XIII.ak Mauleko gaztelua lurrera aurtikiarazi zuen, balio estrategikorik ez baitzuen gehiago. Hirurik bere jabegoa uzti behar izan zuelarik, Henri de Gramont-ek, 12.000 libraren truk gazteluko-kapitain kargua lortu zuen Toulongeon-eko kondeak, gaztelua berreraiki behar izan zuen parte batez, 36.000 librarentzat. Konpentsazio gisa, xiberutarrengan urteka 3.120 libra altxatzeko baimena eskuratu zuen. Epaiketaren gastuak, jabetzaren berrerosketa, Toulongeon-en botere gehiegikeriak, azken finean 150.000 libratara kalkulatzen ahal ditugu xiberutarrek pagatu beharko zituzten zorrak.

    Miseriara edo emigraziora deituak ziren. Hirurirentzako justizia usurpazio saialdiak erregearen aztaparren artean ziren xiberutarren askatasunen prekaritatea frogatzen zuen. Baltsako lurren etorkizuna, epaiketa korapilatsuek eta erregearen nahikeriak zuten baldintzatzen.

    Azken finean, Toulongeon-ek erabaki zuen oradainketen burutzea indarkeriaren bidez, parropiaz parropia zebiltzan tropa armatuei esker. Bortizkeria horrek xiberutarrek sumintzea bukatu zuen : armak hartu zituzten beren askatasunen defendatzeko, eta buruzagi gisa Bernard de Goyheneche hautatu zuten, Mithikileko apaiza, Matalaz zuena goitizena.

    Zaila zaigu Matalazen iraultza epaitzea ; ez dugu bere etsaien lekukotasunak aparteko beste iturririk ; beste aldi batez oraindik, Euskaldunek besteei utzi diote beraien historia idazteko ardura. Daukagun kondaketarik osatuena, Jacques de Belarena da, noble, abokata, protestante, Erlijioko Gerletan Belzuntzeren aliatuetarik segurrenetariko bat izan zen protestanten buruzagi Gérard de Bela-ren semearena. Beste kondaketa bat idatzia izan da d’Arthez-en eskutik, Olorueko kalonjea eta Arnaud François de Maytie apezpikuaren jarraitzailea. Bordaleko Parlamentuko erregistro sekretuek, kondenamenduen osteko Luis XIV.en ezeztapen gutunek, eta azken artxibo pieza batzuek dituzte xehetasunak ekartzen.

    Iraultzaren izaera popularra ukaezina da : Matalazen aldekoen oihua « Herria, Herria » da, « askatasunaren defendatzaile omen horiek ohizkoan alerta gisa erabiltzen dituzten euskaldun hitzak » (d’Arthez). Luis XIV.en ezeztapen gutunek berek onartzen dute Matalazek bere alde jaso zituela heren estatua eta deganoak, erran nahi baita populuko hautetsiak, eta zioten ere bere eletan : « Xiberuko gure herriaren heren estatuaren biztanleen parte sanoena ». Sohütako batailan, Matalazen tropak erregearenen aurka borrokatu zirenen lekuan, zinezko mobilizazio bat ohartu zen : « kanpandorrearen soinupean » bilduak, xiberutarrak leku guztietarik etorri ziren, pikaz, aizkoraz eta segaz armatuta. Popularra izan bazen soldaduen aldetik, iraultza popularra izan zen ere bere helburuetan : d’Arthez-en arabera, Matalazek berak aitortu zuen herria altxatu izana « noblezia eta Mauleko harpietaz libratzeko, jende oro askatasun independente batean eta baldintza guztiak ber mailan jartzeko ». Iduriz, Xiberuko populuak dominatzaileek eta erregearen botereak geroz eta gehiago jaten zizkion askatasunak berrezarri nahi ditu : Matalazen aldekoak hastapenean Silviet-a biltzen zen Libarrentxeko basoan biltzen dira, eskatzen zutena ez baitute ukan, « bereziki herrialdearen dokumentu, kostunbre eta pribilegioei buruzko paper batzuk » (d’Arthez). Era berean, Bordaleko Parlamentuan « hiru Estatuen batzeari buruzko gutunak eta zonbait legedia omen » ekoiztuak dira.

    Matalazen aldekoen aiherkundea Maulerekiko nahiko handia da : Maule, oraiko hiria, errege-hiri bat zen oroitzen garen bezala, Ertarotik « bastida eta merkatu », eta estatutu berezi bat bazuen beraz ; ez zen Xiberuaren barne, xiberutar instituzioen egoitza Lextarre zenez. Maulen errege ofizialen gizarte bat sortu zen beraz, magistratuena, usu jatorri biarneseko merkatariena, aliantza matrimonialez eta interesen komunitateaz herrialdeko nobleziari lotua ; protestantismoa bermatzen zen hor, erlijioaren mailan ere, errege-hiria Xiberuako herrialdeari oposatuz. Burgesia aurre-kapitalista hori, alabaina, lurren komunitateari oposatua zen adibidez.

    Aukera zonbeitetan Matalazen aldekoek Maule erretzea mehatxatzen dute. Jacques de Bela-k Xiberutar iraultzariek protestanteei jasanarazten zizkieten tratamendu gaixtoak zerrendatzen ditu : Arhets-eko etxea suntsitzen dute, Sohütako Jaurigoyhen etxeko teilatua ere, perediku protestanta emana baitzegoen leku horretan, Montory-ko tenplua hausten dute, bortxatzen dituzte protestanteak mezara etortzea eta prozesioetarat zuziekin joaitea, Jacques de Bustanoby artzain katolikoari bortizkeriak jasanarazten dizkiote, preseski Belaren etxe batean ari baitzen lanean Maulen, eta Maytie apezpikua salbatu zuelako bere etxean gerizatuz ; Montory eta Mauleko protestanteen etxeetan geldilekuak antolatzen dituzte.

    Baina ez ziren hainbesteraino elizgizonak : Silviet-an bilduak, erabakitzen dute ez gehiago erauzketarik ematea Elizari, mezetako soldatak bortz zolutara apaltzea, eta apezei « klaberiak » ukaiten debekatzea ; Ainharbeko erretoraren etxea erretzen dute. Apezpikuak bidalitako batzuk atxilotzen dituzte, baina honen bitartekotza onartzen dute eta eskumiku orokor baten aurka protestatzen dute.

    Matalazek Mauleko merkatarien aurka hartutako mendekua ondotik ikusiko dugu.

    Nobleziari doakionez, honek Bordaleko Parlamentua jazarkatzen du, erregearen tropen igortzea eskatzen du, mobilizaziora deitzen du, hainbesteraino non Parlamentuak bere kartsutasuna zaindu behar duen, nobleziari aginduz biltzea soilik erregearen tropak juntatzeko. Zurruma bat zegoen halanola gerla gizonen hurbiltzearekin, populua « bere burua defendatzera eta jauntto hauek beren etxearekin erretzera deliberatua » zela, 1661ko irail edo urrian Jeanne d’Athaguy-k bere amari idazten dion bezala. Beharrezkoa balitz ere ala ez, Biarnoko Estatuak larritzen dira Matalazen ekintzetaz Salbatoreren aurka.

    Iraultzariek erregearen ofizial batzuen gehiegikeria batzuen aurka borrokatzen baziren, Matalazek ez zuen erregearen autoritatea hutsalki desafiatu ; Parisera Salha jauna bidali zuen Xiberutarren defentsa aurkeztera, gisa batean erresumako justizia gorenena kontsultatuz Bordaleko Parlamentuaren erabakien aurka ; Laguntzen Auzitegiko aginte batek Xiberuko heren estatua kondenatzen zuen Bordaleko Parlamentuaren erabaki bat kontraesaten zuenez, Laguntzen Auzitegiko bi komisarik Matalazen ondoan inkesta bat burutu zuten, bere eskutik eskolta bat jasoz babes gisa, eta adieraziz agorril bukaeran iraultza eztitu ere zutela. Baina Bordaleko Parlamentuak Laguntzen Auzitegiko esku-hartze hori probokazio bat bezala hartu zuen, bi instituzioen arteko liskarrak kondutan harturik ; Parlamentuak beraz, Xiberutarrek urrundik ere leundu nahi gabe, beraien eskaera aztertu gabe eta justizia egin gabe, olioa erantsi zion suari, Guyenne-ako teniente orokorra Saindu Luc jazarkatuz, erregearen tropez iraultza zapaldu dezan. Badirudi beraz Matalazek ardatz politiko nahiko moderatu bat zuela, bere aldekoen gehiegikeriak direnak izan badira ere. Baina ohartuko gara, informazio iturrien zentzubakartasunagatik ere, erregearen tropen gehiegikeriek askoz okerragoak diruditela.

    Laburbilduz, iraultzen helburua soilik xiberutar askatasunen berrezartzea zen, erregearen ordezkarien juramentuak hainbat alditan segurtatu zituen bezala ; zinezko konplot batek eramanen du iraultzaren zapalketara eta Xiberuko askatasunen erortzera.

    1661eko ekainan piztu zen jazarpena. Bela-k sei edo zazpi mila gizon armatu ditu aipu, azkar aurrera jotzen. Badirudi protestanteen aurkako bortizkeriak lehen periodo honetakoak direla. Iraultzariek Mauleko gaztelua setiatzen dute, eta giltzak galdegiten. Erregearen ofizialei bortizkeriak jasanarazten dizkiete beraien albora batu daitezen. Maule erretzea da beraien lehen xedea, ezen Mauletarrak Xiberuko gaitzen hobendun kontsideratzen baitituzte.

    Olorueko apezpiku izendatu berri-berriaren esku-sartzea, Lextarren sortutako François de Maytie-rena, jazarpenaren osteko bi asteetan kokatzen da. Segituan Maulera abiatzen da, Matalazekin lehen elkarrizketa bat dauka, eta sumetitzera sustatzen du, herrian garaile handi bat gisa errezibitua da, iraultzariak bilduak diren Sohütara itzultzen da eta esku-hartuko duela hitz ematen die ; Egun batzuk berantago, Lextarren, haietarik 3.000 heldu dira, orok armaturik, beste elkarrizketa batera. Apesaho deituriko beraien buruzagi batek oro beroturik, apezpikua bere baratzetik ihes egitera bortxatzen dute, berriro deitzen dute eta Maule erretzearen ideia bertan behera uzten dute. Libarrenkoxeko elkarrizketa zalapartatsuagoa da zeren eta, beraien eskaeragatik ere, Xiberutarrek ez dute Xiberuko askatasunak segurtatuko lituzken benetako agiririk jaso. Apezpikuak ordea, berriro ere, eztitzea lortzen ditu, berekin zihoan Hegoburu kalonjeak bere sotana arropa urratu duen alabarda golpe bat jaso duen arren. Azkenean, Xiberutarrak Mauleko itzulia egitearekin gogobeteko dira, apezpikua aurrean eta erramuak daramatzatela garaipen seinalez, populuarengandik bi arno barrika errezibitu dituztelarik.

    Honela, d’Arthez-en arabera, iraultzariak ez dira ankerkeria handikoak, eta beraien portaera apezpikuarekiko, Matalezena bezala, beti errespetuz betea izan da ; bere aldetik, apezpikuak zonbait alditan « satisfakzio mota oro ekartzeko gai izango diren segurtamen zehatzak » ematen dizkie. Alabaina, uztailean jadanik Bordaleko Parlamentuan esku-hartuko du, eta honek, uztailaren 16an, Xiberura Bernard d’Arche bidaliko du, Erregearen Kontseilari bat, « Erregearen armek sostengatutako justiziaren autoritateaz fakzioen zapaltzeko ».

    Sordesen heldua, d’Arche-ek apezpikua errezibitzen du, Mauleko bailearekin, erregearen prokuradorearekin eta Xiberuko zazpi deganoetarik seiekin. Denek Parlamentuak soldadurik bidal ez dezan eskatzen dute, Xiberura itzultzen dira populuarekin hitz egiteko, berriro d’Arche-engana doazte Xiberuko populuaren eskabideak aurkezteko : Xiberutar batzuk Donapaulen kartzelaratu dituzten Monaine eta Mesplés-en aurkako eskaerak, eta erabakien aurka joaten diren protestanteen aurkako eskaerak, populua « ohiduraren arabera bildu eta armatu baita ordena segurtatzeko ». Deganoek eskumikatzearen aurka protestazera deitzen dute, eta Monaine eta Mesplés-i Rennes-eko Parlamentura aurkeztera manatzen diete. Populuak erregearen aurrean dei egin nahi du, eta Salha Parisera bidalia da misio honekin. Populuaren aurreko deganoen itzulera hori, mandatu inperatibo printzipioaren aplikazio huts bat da, autoritate gorenak populuaren artean geratu behar duela dioenarena.

    Matalaz gau eta egun Xiberuko parropiek banan-banan hornitu dituzten 100 gizonek zaintzen dute. Agorrilaren 16an, Arüen dago, Montory-ko apeza den Catala kartzelaratzen du, Biarnoko Lanne-en preso diren Xiberutar batzuen kontra trukatzeko. Arüen ere, Xiberua urriak 7a arte bederen kurrituko duten Laguntzen Gorteko bi komisariak errezibitzen ditu. Arüetik Urdiñarbeko ospitalera pasatzen da 120 gizonekin agorrilaren 26an, eta Atharratzeko gaztelura 27an. Bertan, zinezko gobernamendu popular bat plantan ezartzen du, zergak biltzen ditu : 100 libra Olorueko apezpikuaren eskutik, eta 100 libra Mauleren eskutik ; bestalde, neurri ekonomiko hainbat hartzen ditu Mauleren aurka : debekatzen du Mauletarrei ezer saltzea, Undürein eta Sarrikotako eiherei ehotzea, eta Mauleko merkatua Bildozen sortuko duen merkatu berri batez ordezkatzen du irailaren 1ean.

    Irailan zehar, Matalaz Atharratzetik Zalgizera doa, Galharragara, Sohütako domekura, eta, berriro ere, bere jardunaldiak Arüen atxikitzen ditu. Matalazek Maytie-rekin dituen harremanak txartu dira : Matalazek Arnaud d’Eliçagaray atxiloarazi du, Maytie-ren agindu bat eramaten zion apez bat ; gisa berean, Mauleko magistratu bat den Andreau, eta Olivier d’Etchecopar notarioa atxiloarazten ditu. Lehen bi presoek ihes eginen dute ordea.

    Urriaren hastapenean, Matalazek Undüreineko eihera gotorrarazten du. Alabaina, erregearen tropak hurbiltzen ari dira : Toulongeon-en tenientea zen d’Arüek Parlamentuari 100 zaldun eta 400 soldadu eskatu zizkion ; egitan, 400 zaldun daude, eta zaldi arinen zazpi konpainia, Calvo kapitainaren menean datoztenak. Urriaren 11an, lehen konpromisu bat hartua da Undüreinen : Larrori, Ainharbe, Sarrikota, Abentze eta Ezpeizeko laborariek erregearen tropak gibelarazten dituzte. « Kanpandorrearen soinupean », Xiberutar multzo asko Undüreinerantz abiatzen dira, eta ondotik Sohütarantz, non, 12an, erregearen tropekin talka egiten duten. Erregearen zaldunek Sohütan daukate kanpamendua, Calvo-k berak Belatarren domekuan lo egiten du, eta dudarik ez dago xiberutar noblezia, edo bederen parte bat ere ez dela bere albora hurbilduko, Parlamentuan proposatua izan den bezala. André de Bela-Sohütak, dena den, garaipenean papel garrantzitsu bat eduki zuen zaldunen buru gisa, eta Calvo-ren laudamenak merezituz. Parean, Calvo-ren arabera, Matalazek 4 edo 5.000 gizon armatu bildu zituen. Xiberutarrek zapalduak izan ziren. Jacques de Bela-ren arabera, 150 gizon hilak edo atxilotuak izan ziren, baina ezeztapen gutunek 400 gizonetara estimatzen dute Sohütako bataila gunean hil ziren iraultzarien kopurua, gehi 150 atxilotu.

    12ko gauean, Matalazek bere garda kanporatu zuen, eta zapiz edo zortzi gizonekin Otsobiete kaskora igan zen, Espainaruntz, Bela segituz. Baina badakigu bere lekukotasuna dudakorra dela. Urdiñarben, Barachegaray-eko bordaren ondoan, beti Belaren arabera, Garintaineko gotorretxeraino segituko dituzten laborari batzuk topatzen ditu, eta defentsa-leku bihurtzen du. 13an, atzean zituen erregearen tropek setiatzen dute ; zizpa golpe trukaketa baten ondotik, erregearen tropek aizkoraz atea puxkatzen dute, Matalaz preso egiten dute berekin zituen lagun batzuekin, eta denak Mauleko gazteluko peko zohornara ekartzen. Bertan kateatuak izango dira.

    14eko arrastirian berean, d’Arche Maulera heltzen da. Matalaz galdezkatzen du 15eko arratsaldean, bere aldekoak 16an, eta lekukoen konfrontazio batzuk burutzen ditu 17an ; 18 eta 19an prozedura bukatzen du eta Bordaleko parlamentura igortzen. 21an, Lextarreko Auzitegiko aldia idekitzen du, erregearen autoritatea azpimarratzeko ; 1661eko martxoko ediktua erregistraratzen du, su armen debekuari buruzkoa, xiberutar askatasunen kontrakoa den ediktua, erranak erran.

    Hau dela eta, Parlamentuak prozedura baztertzen du, eta d’Arche-i agintzen dio berriro egin dezan Apezpikuaren ofizialarekin, Matalaz apeza dela eta ; d’Arche eta ofizialak manamenduak segitzen dituzte eta prozedura berria bidaltzen dute. Azaroaren 7an, gauez gutun bat dator Maulera, Parlamentuaren agiriarekin. Agiri hori azaroaren 8an aplikatua izago da Lextarreko zelaian, « gurutze xuriaren » lekuan gutxi gora behera, Maytie-ren etxearen parean, duela gutti arte oraino Lextarreko Auzitegia biltzen zen intxaurrondoaren azpiko lekua markatzen zuena.

    Matalaz eta bere tenienteak gurdiz eramanak dira bertara. Aurretik, Matalazek Elizaren apalmendua jasango zukeen, eta bere hutsak aitortu izan beharko zituzkeen. Matalazi burua ebakitzen diote, eta bere gorputza mailukatzen ; Roquehort, Ibarrexkerreko deganoa, urkatzen dute ; Matalazen iloba den Jean de Goyheneche, Olhaibieko agota deitzen duten Larrabileko Bernard de Beheity, eta Müskildiko Jean de Cachau-k suplizioan parte hartzen dute, eta galeretara kondenatuak dira bizi guztirako. Matalazen jarraitzaileetarik zortzi heriotzara kondenatuak dira, hor ez badira ere. Azaroaren 9an, Matalazen burua « Mauleko keheilan, barbakanaruntz » jarria da, eta populuak, Matalazen memorioaren izenean, hortik ebasten du, 1661eko abenduaren 31tik 1662ko urtarrilaren 1erako gauean.

    Matalazen azken momentuei buruz xehetasun batzuk gelditzen zaizkigu. Xiberutarren iraultza ez omen zen ohargabe pasatu ; ikusi dugu Bordaleko Parlamentua hartaz arduratzen zela uztailetik goiti ; Tolosan, F. Boude inprimatzaileak kazeta batzuk kaleratzen zituen, erran nahi baita lau orriko berri-paper batzuk, non anonimoa gelditzen zen pertsonaia bati idatzitako eskutitz batzuen forman berriak ematen zituen. Bat argitaratu zuen Matalazen gatibatzeari buruz, aurkitu ezin izan duguna ; Baina bat bai badugu, « Matalaz deitua zen Goinheix-en heriotza, Mithikileko erretora » deitzen dena.

    Agiri honetan emanak diren iritzien gainetik pasako gara : « herio laidogarria », « sediziozko honek inozo gaixo batzuei sinestarazi zien helburu onak zituela, eta bide honetik asko eta asko harrapatuak izan ziren ; ez da hartaz harritu behar, helburu gaixtoek beti xede on zonbeiten itxura daukate, egingai handiak omen zeuzkan, baina funtsik gabekoak eta arriskutsuak... urrikalgarri honen krimena beltzegia da Jainko jaunaren mugagabeko saindutasunak jasan dezan... oso zaila da herio on eta saindu baten egitea bizi erabat eskandalagarri bat eraman eta. Hori dela eta, Matalaz deitzen zuten hori damuturik hil da, bere bekatuak dolutuz, Jainko Jauna otoiztuz bere arimaz urriki ukan dezan ; ikusgarri horretan presente zeuden guztiei Pater eta Ave Maria bat galdeginez, bere krimenen barkamena eskuratzeko Jainkoaren eskutik ».

    Zitazio luze hori ahalbidetau badiogu gure buruari, Matalazen « leienda beltza »-ren lehen agerpenetariko bat baita izan da. Belaren aiherkundea ulergarria iruditzen zaigu, historialari batzuena gutxiago, euskaldunak eta Elizakoak gainera, « apez perbertso »-z kalifikatu dutena. Aldiz, Nussy-Saint-Saens jaunak, Xiberuko historialari eta magistratuak, Matalaz alderdikeririk gabe epaitzen jakin izan du, eta bere iritzia aldekoa ateratzen da. Matalazek bere arimaren deskantsuarentzat eta bere bekatuen barkamenarentzat otoitz egitea eskatu izana mugimendu natural bat da kristau batengandik. Xiberuko populuak, bere burua lur sainduan ehortziz, Matalazi leial geratzen zitzaiola frogatu dio. Arnaud-François de Maytie-k, ildo beretik, bere apezpikuak, zintzoki eztitze papel bat jokatu izana ematen duenak ondotik iraultza gelditzeko gai izan gabe, supliziatuen gorpuak eskatu zituen erlijioaren arabera ehortzeko ; Belak dio Matalazen gorpua « Apezpiku jaunaren amodio itsuz ehortzia izan zela Jondoni Berauteko aldare handiaren aurrean, Mauleko parropian, eta Roquefort-ena Eliza bereko hilerrian ». Honela, apezpikuak Matalazen gorpuari ohorezko leku bat ematen zion ; Berauteko Elizatik gelditzen den koru bakarran datza oraindik, dudarik gabe, bururik gabeko eskeleto bat, Matalazena.

    Azaroaren 9an, d’Arche-e Mauletik abiatzen zen, herrialdeko jurisdikzioei utziz Matalazen aldekoen gaztigatzeko ardura. 13an, Xiberuko populua bere afruntuez eta bortxakeriez zapaldu zuena, eta bere zerbitzu on eta leialengatik 20.000 libra eskatu zituen Calvo bere zaldunekin abiatu zen. Mendeku pertsonalak joan arau, Erronkarirako emigrazio garrantzitsu bat eragin zen, hainbesteraino non herriko jaunttoak kezkatzen hasi ziren : barkamenarentzat bere eragina erabili zuenetariko bat Sohütako André de Bela izan zen, Sohütako batailan ukan zuen papelaren garrantzia ezagutzen dugun Xiberuko potestatu hura (herriko epaile edo magistratu mota bat, ndtr), herenaren sindiku bilakatu zena, seguraski politikoki heren estaturik ez baitzegoen gehiago.