Antton Negeluak sortürik - 2014

1661.11.Zihigarrak[B.5]

Catégorie : Bordele Publication : Astelehena 22 Bantaila 2016

 

« … St Luc Jaungorenari, Guienako erregeorde orokorrari, Zihigako parrokiarrek umilki azaldu nahi dute, zehazki eta ordena segituz.

Ohargarri da ikustea Xiberoan gertatu nahasmendu guziek Monens eta Mesples-en zorrean dutela iturburua ; horiek diote zuzena eta zilegia dela, eta Xiberoako Herriak alderantzizkoa, arrazoi guziak auzian dira eta parlamentuko prokurai Casenave-ren eskuetan.

Lehenik, aipatutako diru maileguaren egiteari Herriak ezezkoa eman zion Xilbietan, Xilbieta Herriaren biltzar gunea izanki, maileguaren egiteko xedea zen errege eremuaren bererostea eta horretarako ordezkarien bidaltzea, lurzainen eta elizgizonen sailen bermearekin ; baina Herria saila ohartu zen bererostea kaltegarria zitekela beretako, geroko gertakariak horren lekuko dira, eta maileguaren aktaren kontra egin zuen aste bat berantago, zinerrietan biltzarrak eginez eta ordezkarier jakinaraziz, horrela Herria sailak ez du ordezkariek egin maileguaren ardurarik, zeren mailegua Herria sailaren baimenik gabe egina izan da.

Gainera ohargarri da Monens eta Mesples baroiek dirua beren gisara erabiltzea, eskualdearen izenean, eskualdearen baimenik gabe, osoki jabetu nahi ziren eremuaren erosteko, eta bererosteak huts egin ondoren, Iruriko jaunak kontseilu pribatuan beraien kontra gainjartzea egin zuelakoz, horretarako Pariserat bidali dirutzaren zati bat eskuratu zuten, baina ez dena, esaten duten bezala, eta eskuratu ez duten zatia dute Xiberoa herriari eskatzen, ez dakit zoin arrazoinengatik, zeren beraiek dute dirutza osoa nahi erara erabili ; erran nahi beita Herriaren baimenik gabe Parisera eraman dute dirua, nahi zutena bereskuratu eta bestea utzi, beraz dirutza eman duteneri galdegin dezatela eskaera, zeren Herria saila ez da ezertaz arduradun ; zeren ez du ezer ukitu ez eta inor bere manuz.

Baroi jaunek Bordeleko parlamentuan epez kanpoko erabaki bat lortu badute, Arhets abokatuaren bidez, errua Herriarena da, ez duelakoz parlamentuan kereila aurkeztu, eta horrela onargarri da oraino, korteari gusta baleikio, defentsako kereilen azaltzeko, eta halere, zure onberatasuna erregetuz, erabakia atzeratua izan dadila, baita baroi jaunen obligazio kontratuen gauzatzea, horiek bortizkeria hutsez eginak izan dira, parrokiaz parrokia bilduak, populuari mehatxu eginez obligazio faltan zuk bidali gizon armatuak jinen zirela astintzera.

Herria sailak Xiberoako gobernariaren eskuetan utzi zuela afera, hori bortizkeria hutsaren menean egin zuen, gobernari honek (St Luc?) gizon armatuen bidaltzeko mehatxua eginik zuen , eta horren beldurrez, Herriak onartu zuen hautsi mautsia.

Eta gobernari honen erabakiaren ondoren, herritarrek baroientzako obligazio aktak egin zituzten notari etxetan, eta baroi jaunak obligazio akten gauzatzen hasi ziren diruaren biltzeko ; ondorioz, Xiberoa eskualdeko gizon batzu preso hartuak izan ziren Nafarroako lurretan, salerosketetan zirelarik bertan, abereak ere bahitu zitzaien eta nahi erara eraman, bertako jendeak astindurik eta ondasunak galdurik ikustez, herritarrak oso nahigabetuak ziren, Xilbietan Herriaren biltzarra egin zen baroiek sortu nahasmendu egun haietan, afera horren aipatzeko, Mitikileko erretor zendua heldu zen Laguntzen korteko erabaki batekin, herritarrei sinetsarazi zuen kontseilu pribatuan hartu erabakia zela, Parisen errege zerbitzari zen iloba batek lortua, eta erabaki horreko adierazten zuen gobernariaren erabakiak manatu zorraren pagamendua ez zela pagatu behar, herritarrek ez zuten besterik ulertu nahi, bere oinetan jarri ziren, hau oker ibili zen herritarrak armetan jarriz, honek esan zitzaien Espernonko duke gobernariaren manamendua bazuela, herritarrek ez zuten inoiz gure errege onaren kontra armen altxatzeko nahirik izan, baina bai bere ondasunen zaintzeko Monens et Mesples baroien kontra, etab... »

 

J. de Jaurgain – Les trois mousquetaires – 109 – 114 orriak

 

1661ko azaroaren 8 ondotik egina ?