Antton Negeluak sortürik - 2014

1658-04:Bonnecase.Irurikoa[E.17]

Catégorie : Erregea Publication : Astehartea 6 Urtarrila 2015

Erregeari eta kontseiluko jauneri.

    Bonnecaseko Basile, Xiberoako herren estatuko zindikak, zure kontseiluan aztertzekoa den eskaeraz umilki kexatzen da, non Peyreko Arnaud Iruriko jauna eta Belaspectko Salomon ere ustezko epailea, eskazaileak alde batetik, eta Brosserkoa eta Costere jaunak, Xiberoan zure etxeko ofizier eta eskatuak, gazteluburua, aitorsemeen zindika eta erreguzalea bestetik, Iruriko jaun horrek eskumen galtze bat eskuratu du eta aferaren luzarazteko edozein tramankulu erabili du, eta Lamoignon jauna eskaeraburuer txostenaren aukeztera abiatzen zenean, ideiaz aldatu da eta 28 dokumentu berri presentatu ditu :
- herriko hiri eta parropia guzietan bere ofizierrek justizia egin dutela 1641etik 1653ala,
- bere ofizierrek egin auzien kide izan dira epaile-epaitzenak,
- bere ustezko epaile Irigarai zendu ondoren, bere epaile-epaitzenek justizia banatu dute bere izenean,
1644ko apirilaren 13ko erabakia emana izan den horretan, Oihenartko eta Bonnecaseko jaunek aurkeztua, hauek zehazki esplikatu zuten epaile-epaitzenen  eskumen berezi eta pribilegioak eta horri erantzunez Iruriko jaunak aurkeztu deia zuzenean egina izan zen, txostenegilea eta erreguzalea jakinean  jarri gabe, manera aski bitxi eta arauz kanpokoan.

Dokumentu horien kontra joateko erreguzaleak erraiten du :
    Lehena , 1641ko azaroaren 5an epaitu 137 kausen bilduma da, Irigarai zenduak eta Iruriko jaunaren ustezko epaileak Maulen eginak, dokumentua bestelakatua da eta erreguzaleak horretan mantentzen du, zeren 137 kausak azaroaren 5an ikusiak izan ziren baina ez Maulen, ez eta Irigarairen aurrean, baizik eta Lextarreko errege kortean eta Zure Maiestatearen ofizierren aitzinean. Bestelakatze horren frogatzea errexa da erreguzalearentzat, eta erabakiaren hartzeko derrigorrezko balitz, egitea eskaintzen du, halere faltsutzat ematen du. Dudan ezin ezarrizko beste elementu bat eskaintzen dute gazteluburuak eta aitorsemeen zindikak (zakuko E kotan) : kontseiluan 1642ko otsailaren 26an Iruriko jaunak lortu erabakia da, hor azaltzen da berak Irurin eta Maulen ezarri epaileak bere zereginetan trabatu dituela Belsunceko jaunak, orduko gazateluburuak  (…) gobernariorde Uhartko jaunak eta Lextarreko epaile-epaintzenek. Azken horiek azaroaren 5 eta 12an bi ordenantza zabaldu zituzten, Xiberoako biztanleer debekatzeko  Iruriko jaunaren ofizierrekin tratu egitea, 500 librako isunpean, azaroaren 19an eremu salmentako bi komisariok ordenantzak baliogabetu bazituzten ere, Belsuncekoak eta epaile-epaitzenek berriz Iruriko jaunaren epaileak trabatu zituzten, abokatuer debekua zuzenduz eta aurkeztuko zen banakoari isuna edo preso sartzea ailegatuz (…) ondorioz, Iruriko jaunaren ofizierren trabatzea debekatu zen Belsunce, Uhart eta epaile-epaitzen jauneri, gastu eta domaien mehatxupean.
    Erabakiaren hitzak dira eta Irurikoak berak aitortzen duen bezala, 1642ko otsailaren 26an Irurikoaren ofizierrek ez zuten justizia ofizio eta ekintzarik Xiberoan. Eta orai ikusi behar da 1643eala artino zer ukan duten eta bide horretan argiki ibiltzeko, bere aldeko eta kontrako erabakiak aztertu behar dira zehazki.
    Lehena 1642ko otsailaren 26an emana izan zen, Irurikoak eskaturik, eta erabakia zen gazteluburua eta Lextarreko errege ofizierrak kontzeiluan agertzera behartuak zirela hilabetean zehar eta anartean Irurikoaren epaileek bere izenean justizia eginen zutela parropia txikietan eta aurretik lan hori egiten zuten ofizierrak bere kargaren balioaz pagatuak izanen zirela, Lextarreko errege justizia ez zela parropia txikietan izanen, salbu epaile falta izanki eta kasu horretan Zure Maieztateak ahalbidetuko zuela Irukoak hori egitea, eremuaren saltzeko lege agiriaren arabera
    Bi gauza komentatzen ahal da, batetik 1642ko otsailaren 26ko erabakiaren arabera(…)  Iruriko jauna ez du jabetza aktarik egin Lextarreko justizian, erabakiak espresuki agintzen baitu Lextarreko ofizierrer ez trabarik jartzea.
    Bestetik, Iruriko jaunak ez du bete otsailaren 26ko erabakia, kontseilura deituz gazteluburu Belsunceko jauna eta Lextarreko ofizierrak, geroztik eskuratu dituen erabakiek ez diote ezer Lextarreko justiziaz, gazteluburuaz eta beste ofizierretaz.   
    Argiki azaltzen da beraz Iruriko jaunaren ofizierrek ez dutela inoiz jabetzarik izan Lextarreko justizian 1644ko apirilaren 13a arte, eta honetan, zindik eta ordezkariekin hartu izanean, Iruriko jaunaren ofizierrer ahalbidetzen zen bere izenean justiziaren ematea Lextarren ere, eta horren trukean aurreko kargudunak gastu eta karguetaz pagatu behar zituzten, orai ikusi behar da zer jabetza burutu zuten apirilaren 13tik eta azaroaren 26ala, egun horretan beste erabaki kontraesankor bat agertu baitzen, batetik Iruriko jauna eta bestetik gobernariorde Brosserkoa, Lextarreko errege prokurai Etchartkoa eta Mauleko dirubiltzaile Belako Jacques, erabakiak hausten zuen apirilaren 13koa eta zehazki Iruriko jaunaren ofizierrer debekatzen zeien Brosserkoari, Etchartkoari eta Belakoari traba ezartzea.
    Anarte horretako jabetzaz Iruriko jaunak ez du beste jabetza aktarik azaltzen, non ez den Lextarren maiatzaren 24an idatzi agiri bat non eskatzen den apirilaren 13koaren erregistratzea, eta erregistratze soil horrek ezin dezake jabetza akta baten izaera izan, gaiaren garrantzia jakinda, gainera apirilaren 13ko erabakiaren kontra agertu ziren Brosserkoa, Etchartkoa eta Belakoa, ez ziren ez deituak ez entzunak izan eta bere karguetan segitu zuten. Sei hilabete berantago etorri zen azaroaren 26koa, honek apirilaren 13koa hausten zuen eta Brosserko, Etchartko eta Belako jaunen alde hartzen, ondorioztatzen ahal dugu Iruriko jaunaren ofizierrek ez zutela Lextarreko justiziaren jabetzarik izan 1644ko apirilaren 13tik 1646ko urtarilaren 18a artino, egun horretan azaldu zen beste erabaki kontraesankor bat, Iruriko jaunaren  eta Brosserko eta Etchartko jaunen artean eta honen kasazioa aztertzen da orai kontseiluan.
    Iruriko jaunak ustezko agiri bat sartu nahi du, 1644ko maiatzaren 24an egina, non Lextarreko epaile-epaitzenek gauzaten duten bere alde 1644ko apirilaren 13an ateratako erabakia, agiri hori Irigarai epaileak egina da eta hiru epaileorde ditu : Latzague, Ahetze eta Onizmendi gaztea.
    Erreguzaleak erantzuten du Latzague delakoa ( benetako izena Lasalletik dator, Latzague aldiz emaztearen sortetxeko izena da) notari bat da, Iruriko jaunak ezarria Iruriko egoitzan Xiberoako eremuaren erosteko auzi-agirian ikus daiteken bezala, Iruriko jaunaren prokuraiak egina 1641ko urrian.
    Lasalleko Fortis delakoa eta agiriko Latzague persona berdina da, ez Irurikoak ere ez dezake ezezta, berak ekarri dokumentuetan ikusten da 1643ko urrian Irurin eginiko agiri baten egilea Lasalleko Fortis da eta epaile-epaitzen graduarekin sinatzen du. Idatzian bertan idazkariak Lasalle, Latzague edo Latsague jartzen du eta horrela ezkutatu nahi du benetan Irurikoaren epaile izaera eta Lextarreko korteko epaile-epaitzen batenaren hartzeko, ez doakiona inolaz ere.
    1644ko maiatzaren 24an Onizmendi gaztea epaile-epaitzen izatea guztiz gezurra da, bere aita Onizmendiko Simon bizi zen, eta bizi da oraino, eta bere semea ez zitaikeen epaile-epaitzen izan.
    Ustezko agiriko beste epaileordea, Ahetzeko delakoa, Iruriko jaunaren haurride da eta azaltze horrekin ezin dezake beste epaile-epaitzener kalte egin, horiek 53 dira eta betidanik Irigaraikoaren ekintzer buru egin dute, horregatik ere preso sartu zuten. Ikusi behar da orai Iruriko jaunaren ofizierrek zoin jabetza ukan duten 1646ko urtarrilaren 18tik kasazioan den erabakiaren eguna) 1656ko otsailaren 26ala, egun horretan Irigaraiko jaunak, Iruriko jaunaren epaileak, urtarrilaren 18ko erabakiaren gauzatzea abiatu du, horrela sortu du instantzia honetara ekarri gaituen liskarra.    
    Iruriko jaunak 1653 arte jabetza jarraiki eta lasaia izan dutela atxikitzen du eta lau dokumentu azaldu ditu. Lehena Lextarreko abokatu Beloscarko Charles jaunak Irigarairi 1646ko abenduaren 22an aurkeztu eskaera da. Bigarrena Iruriko jaunaren Mendikotako egoitzan ustez epaitu kausen bilduma da, 1646tik 1651arako astelehen guziz. Hirugarrenean epe berdinean Irigaraik Mendikotan azaldu kausen zerrenda da. Laugarrena bi ustezko agirien kopiekin da, Lextarreko gobernariorde Brosserkoak, 1652ko uztailaren 23an eta 1653ko maiatzaren 23an Mendikotako epaileak egin deien agiria.
    Lehen dokumentuaren kontra joateko, erreguzaleak dio Beloscarkoa Iruriko jaunaren gizona dela, eremuaren afera guzietan bere abokatu bezala agertzen da (hala nola 1644ko maiatzaren 24ko agirian eta Iruriko jaunaren eroste aktan), eta berak egin aktek     Iruriko jaunak eginak bezain bat indar dute Xiberoako biztanleentzako.   
    Bigarren eta hirugarren dokumentuak aldiz kopia hutsak dira, erreguzaleak dio audientzi aktak eta hamabi erabakiak auzipetuak deitu gabe egin kopiak direla, ez dute justizia baliorik  eta baliogabeko eta ezkutuko akta bezala baztertzekoak dira arrazoi horiengatik :
1 – Akta horiek ez dira Maulen eginak izan baina bai Mendikotako parropia baztertuan eta Mauleko hiritik frantziar bi legoatan,   
2 – Aktak Irigaraiek berak idatziak dira, idazkaririk ez da agertzen eta kopien zolan notatua da jatorrizkoa Irigaraik sinatua dela, gauza ustela erran daiteke, zeren auzien akta beti idazkariak du sinatzen eta noiz ez epaileak.   
3 – Audientzia aktetan eta erabakietan aldeen abokatuen izenak dira : Irigarai Martin eta Arnaud, Etchecaparko eta Ordeneix, aldiz lau personai horietan, bat bakarrik da abokatu, Irigarai Martin delakoa, eta Irigarai ustez epailearen semea da eta Arnaud beste semea Iruriko jaunaren laborantza mutila da, Etchecaparko Olivier     sargentu eta Ordeneix, delakoa soldadu izatetik aparteko ofiziorik ez zaio ezagutzen, eta doi doia idazten eta irakurtzen daki.                   
    Hori guziari gehitzen ahal dugu dokumentu guzietan azaltzen diren aldeak Iruriko jaunaren etxezain edo mutilak direla eta delako kausen bilduma bakoitzean bi edo hiru kausa dira bilduak. Horrekin errex da pentsatzea nahitara egin dokumentuak direla, Iruriko jaunaren eta Irigaraikoaren artean adostuak, ustezko jabetza imaginario baten probatzeko. Lextarreko korteko erregistroen ikustea nahikoa da horretaz ohartzeko, Reyaukoaren esku dira erregistroak, orai Reyaukoa Iruriko jaunaren zerbitzuan dena (erregistro horien kopiak egin dira Akizeko zenexalaren autoritatez eta gazteluburu eta aitorsemeen zindikaran probazakuan dira), eta azaltzen 1646tik 1656ala Lextarreko kortean etengabeko audienziak atxiki direla astearte eta ostirale guziez. Eta saio bakoitzean, epaile eta abokatuekin, tratatzen da 100 kausa, batzutan 160 kausa, baita 200 edo 300 aste guziz. Eta aipagarriago dena, Iruriko jaunaren ofizierrak azaldu dira saio horietara, abokatu lanetan jarduteko Lextarreko ofizierren aurrean. Hala nola ustezko epaile Belaspect, ustezko prokurai Arhetz, Beloscar abokata eta Irigarai Martin ustezko epailea baita Reyaukoa ere idazkari lanetan.
    Laugarren dokumentuaren kontra joateko, Brosserkoak bi agiri eman zizkion Mendikotako epaileari, ez da harritzekoa zeren garai horretan Brosserkoa eta Croisierko elkar lotuta zeuden, Brosserkoak Iruriko jauna lagundu zuen 1646ko urtarrilako 18ko kasazioaren lortzen eta dirutza bat eskuratu zuen ordainetan. Baina azpimarratzen du Brosserkoa bakarrik zela bi agirien emaile, Lextarreko beste epaileek ez zuten horretan parte hartu, ez ziren jakinean ere, baliogabeko eta ezkutuko akta bezala kontsideratzea eskatzen da, eta inolaz ere biztanleer, gazteluburuari eta aitosemeeri kalte egile.
    Irigarai aita zendu ondoren, Iruriko jaunak aurreratzen du Lextarreko epaileek justizia egin dutela bere izenean eta bi dokumentu jartzen ditu :
Batean Lasalleko Fortisek, Lextarreko ustezko epaileak, 1653ko urriaren 22an Mendikotako Bodabehere aita semeen kontra egiten duen informazioa.
Bestean Lasallekoak, Latzague sinatuz, epaile-epaitzen bezala jardunez, agiri bat egiten du Hatzol eta Irigarai zenduaren oinaordekoarekin.
               
Bi dokumentuen gezurtazeko, erreguzaleak dio Lasalleko Fortis edo Latzague hamar urtez izan dela Iruriko jaunaren egoitzan epaile eta ofizier, sekulan ere ez Lextarreko kortean epaile-epaitzen, eta gainera bi dokumentuak Iruriko jaunaren ofizier batek idatziak dira. Bere eskaeraren bermatzeko Iruriko jaunak dio epaile-epaitzen batzuen eskaera maltzurra dela Oihenartko eta Bonnecaseko jaunen bidez egiten, 1644ko apirilaren 13 erabakiaren kontra joatean, eta bi horiek aurkeztu lau eskaeren kopiak azaltzen ditu, non Xiberoako eremuaren berrerosteko eskaintza egiten duten, Iruriko jaunak erosteko ezarri dirutzaren itzultzea gastuekin, eta deklaratzen dute gainera Xiberoako justiziak  betirako alienatu ezinak deklaratuak izan direla, Aramitzko amaren bi salaketari erantzuten dute Lextarreko justizia erregeburu dela eta ez ordezko ama semeek dioten bezala.
Paper horien kontra joateko, erreguzaleak dio Oihenartko eta Bonnecaseko jaunak Xiberoako hiru estatuek izendatuak zirela Iruriko jaunari saldu eremuaren berrerostera joateko eta ez, Iruriko jaunak dion bezala, epaile-epaitzenek soilik, 
Zure Maieztatearen ofizierren kontra joateko eta bera bezalako eremu erosleari indar gehiago biltzeko, Iruriko jaunak aukezten du zure kontseiluan hartua izan den erabaki bat, 1645ko uztailaren 5an, Castetnauko markes La Forceko jauna alde batetik eta Bigorreko Montpasier hiriko epaile Porquieres bestetik, erabaki horretan La Forceko jaunak Montpasierren meneko lau parropietan  izendatu epaileak bere kaguetan atxikiak dira. Baina instantzia honetara beharrezko diren dokumentuen mailara ez da heltzen kasu hau, zeren Montpasierko justizia ez da justiziaburu, Lextarrekoa den bezala, aina bigerren mailako justizia bat erritarrek deitzen dutena Bastillo, eta  bertako deiak Sarlatko errege epaitegian egiten dira.
    Honen ondorioz, Sira, Zure Maaiestateari gusta dakiola Iruriko jaunaren ekarpen berriaren ez onartzea eta horretaz erreguzaileari akta ematea, erreguzaleak aurretik erranen halaber beretzea, eta Zure Maieztatearen osasunaren eta oparoaldiaren onetan ototz egiten zegituko du.
Sinatua : Demontz
   
Bazter nota : akta egina eta jakinarazia izatekoa, erregearen kontseilu pribatuan, Parisen 1657ko apirilaren 27an, Marsat       

Bazter nota : beste aldearen abokatu Miraumontko jaunari jakinarazia, 1657ko apirilaren azken egunean.