Antton Negeluak sortürik - 2014

1658-05:Bonnecase.Irurikoa[E.19]

Catégorie : Erregea Publication : Astehartea 6 Urtarrila 2015

 

Erregeari eta kontseiluko jauneri

 

Xiberoa herriko herren estatuko zindik Bonnecaseko Jacquesek umilki aldarrikatu nahi du kontseiluak aztertzen dituen dokumentu batzuetaz bere zuzenketak egin nahi dituela, auzian dira alde batetik herriko eremua erosi duen Iruriko jauna eta bere ustezko epaile Belaspectko Salomon, eskazaleak, eta bestaldetik, Brosserko Jacques eta Costeresko Arnaud erantzunzaleak baita erreguzalea eta Toulonjonko kondea eta herriko aitorsemeen zindika. Hilabete honen 13an Iruriko jaunak 27 dokumentuko ekoizpen berri bat egin du, aferaren nahastea eta erabakiaren gibelaraztea baizik ez du horrela egiten, Zure Maiestatea ohartuko den bezala ene zuzenketak ikusi ondoren :

 

Lehen eta bigarrenak (funtsean bat egiten dute) dira Iruriko jaunaren akta baten kopiak, 1641ko azaroaren 6an eginak, Xiberoako biztanleer jakinarazten zuen, errege eremuaren erosteagatik ez zituela inolaz ere trabatu nahi abereen bazkaleku, usaia eta bereak diren beste eskubidetan, ez eta ehizan edo arrantzan edo bere libertate zaharretan. Pieza horren kontra joateko erreguzaleak dio Iruriko jaunak beti egin du akta horretan erraiten denaren kontrakoa, justiziako orden zaharra aldatu du eta biltzarretan bere izenean mintzatzeko Iruriko jaunaren gizonek justizia mailak biderkatu dituzte, eta ondoko gauzak, 14garrenera artino, ustezko agiriak dira, bere laborariek eginak eta non azaltzen duten ez direla nahi Iruriko jaunaren eremu-erostearen kontra joan, alderantziz onuragarria zaiela eta erostearen kontra altxatzeko hiru estatuek izendatu ordezkariak baliogabetzen dituztela. Erreguzaleak dio Iruriko jaunak gauza horiek aurkeztu behar zituen 1644ko apirilaren 13ko erabakia hartu zen saioan, eta ez berriz hemen, ez dute baliorik orai, ez da salmentaren edo berrerostearen kasazio saio bat, hemen Iruriko jaunak ustegabetarik eskuratu erabakien kontra egitera jinak gira, 1645ko urtarrilaren 2an, martxoaren 2an eta 1646ko 1646ko urtarrilaren 18an ardietsi zituen, ez ginen ez deituak ez entzunak izan, eta herriko usaia irauli du eta herritarrak justizia maila berri batekin gainkargatu ditu.

 

15garren gauza 1645ko martxoaren 6ko akta bat da, Iruriko jaunaren laborari berdinekin eta beste batzuekin egina.

 

16garren dokumentua Guienako gobernari Espernonko dukeari aurkeztu eskaera bat da, 1641ko martxoaren 23an herren estatuko kideek egina, hauek pleinitzen dira nobleziako eta apezeriako batzuk egin ustezko bortizkerietaz, alferrikako berrerostera behartzeko eta karia horretara, nobleziako eta apezeriako inor gabeko biltzar batean biltzeko baimena eskatzen dute. Gauza horren baliogabetzeko, erreguzaleak aurreko kasuekin bezala egiten du, eskaera horri ez du herren estatuak aurkeztu, baizik eta Irigaraiko Grazianek, Iruriko jaunaren ustezko epailearen semeak, ez doakion herren estatuko zindikaren titulua hartuz, jakina delarik garai horretan Bonnecaseko Pierre zendua zela herren estatuko zindika.

 

17garrena da ustezko biltzar horren txostena, 1644ko uztailaren 3an Irigarai aita semeek egina, Espernonko dukearen baimenaren ondorioz. Baliogabetzeko, erreguzaleak erraiten du biltzarra berrogeita hamar bat laborarik osotzen zuela (eta ez bost ehun), denak Iruriko jaunaren zerbitzukoak eta Irigarai aita buru zuten ustezko zazpi epaile-epaitzenetarik bat ere ez zen benetakoa. Lasalle, Undurein eta Behere izenekoak laborariak dira, Latsague delakoa Iruriko jaunaren notaria da, Poey izenekoa soldado bat da Iruriko jaunaren zerbitzuan, Lusseko Jean aldiz etxe bateko suhia da, dena den, Irigaraik laborari eta zebitzariak aitorseme bezala aurkezten ditu epaile-epaitzen karguetan eta horri zitalkeri hutsa da (…).

 

18garrena Irigaraik egin ustezko agiri bat da, 1645ko urtarrilaren 9an Mendikotan emana sei ustezko epaile-epaitzenekin : Latzague, Etchebarne, Ahetze, Eyheresqui Jaurgain eta Undurein. Erreguzaleak aurretik errana baliatuko du, epaile-epaitzen horiek ez dira benetakoak, bakarrik Ahetze, zeren Latzague edo Lasalle Iruriko jaunaren notaria da, Etchebarne laborari seme da, Eyheresqui Jaurgain aitzineko aktako Lusseko Jean da. Eta Undurein izenekoa Iruriko jaunaren etxezain bat da, Ahetze aldiz Iruriko jaunaren aurridea da eta Irigarairi eman duen laguntzagatik ez du kalterik egiten beste epaile-epaitzener, horiek ez dute agiria onartu eta egiteagatik Irigarairen preso sartzea erabaki dute. Probarik baliosena da 1645ko martxoaren 2ko zure kontseiluko erabakia, Iruriko jaunak eskuratua Irigarairen presondegitik ateratzeko, baita erabakia jakinarazi zuen Daltaberen askatzekoa. Horregatik Iruriko jaunak bi akta horien aurkeztea bere ekoizpen berrian astakeria hutsa da, hala nola Xiberoako epaile-epaitzenek gauzatu dituztela Iruriko jaunaren aldeko erabakiak, 1645ko urtarrilaren 2koa, martxoaren 2koa eta 1646ko urtarrilaren 18koa, bere aurride Ahetze epaile-epaitzenen talde osoa balitz bezala, eta akten dater begiratuz, ohartzekoa da erabakiak egin direla erabakien gauzatzea egin ondoren.

 

19garren eta 20 garrenek aipatzen dituzte 1474, 1516 eta 1518 urteetako gutun patenteak. Arerioak erraiten duenetik ez da ezer probatzen horietan, Louis XIak Gramontko jaunari eman zion Montoriko goi justizia, François I erregeak konfirmatzen du emaitza 1516an, baina ondoriorik gabeko emaitza izan zen, Gramontko jaunak eta oinordekoek ez dute inoiz gauzatu, gainera Bordeleko parlamentuak eta konduen ganbarak ez zituzten gutunak erregistratu, eta jakina da Gramontko kondeak Montorin erabali duen justizia bakarra faymidret delakoa izan dela, etxezainen beharretarakoa, justizia kriminala eta bereziki goikoa Lextarreko ofizierrek dute beti epaitu. Gramontko jaunek ez dute beste justiziarik egin Hauze, Liginaga, Astue eta Atereiko parropietan, bertakoek betidanik justiziako lehen urratsa Lextarreko kortean egin dute, zibil eta kriminal gei guzietan, 1643 urteala artino, hor Iruriko jaunak maltzurki lortu zuen Lextarretik bereixtea eta Iruriko egoitzarat ekartzea (bertako justizia egoitza eman zion zure aita zenduak), erreguzaleak probak ematen ditu bere inbentarioko K kotan, ezeztapenaren ardiestekotan.

 

21garrena da Iruriko jaunaren eroste kontratu bat, Montori, Hauze, Liginaga, Astue eta Aterei parropia eta lurrena, hor agertzen da Gramontko jaunak ez duela justiziarik sekulan eman, bakarrik izan du Montoriko etxezainena eta bertan dirubilzalearen eta bere idazkariaren izendatzeko eskumena.

25 eta 26garrenak kopiak dira, Atarratze, Aloze, Ozaze, Ziboze, Etxebarre, Zunarre, Lexantzu eta Ligi parropietan justizia apal, ertain eta gorako eskumenen gutun patentenak, Zure Maieztateak 1646ko urtarrilean Iruriko jaunari emanak eta honek orain arte ezkutuan atxiki dituenak. Erreguzaleak dio erabaki hori ebaska eta maltzurki lortua izan dela, beste une batez erakutsiko dutan bezala, ez delakoz oraiko gaia.

 

27garren eta azkena Bordeleko parlamentuko erabaki baten kopia da, 1630ko apirilaren 30an bi norberakoen artean emana, zeinetan Mauleko epaileari debekatzen zen Barkoxeko eta beste lekuko epaileen erabaki deien aztertzea, 1626ko maiatzaren 13ko kontseiluko erabakiaren arabera egitekoak ziren delako deiak (erabakia hartua izan zen epailea entzunik izan gabe). Erreguzalearen arabera dokumentu hau baliogabea da, kopia arrunta da, ez du sinadurarik, egungo instantziako geiaz kanpo da eta ez da beste argudio beharrik.

 

Apirilaren 27ko ekoizpenari egin zuzenketer erreguzaleak gehitu nahi du nola Irigarai eta bere kideak aurkeztu ziren Lextarreko epaileen aurrean bere kausen azaltzeko eta Irigarai gibel egitera behartua izan zen, eta kausa bakoitzaren zolan idatzi zuen agiri bat, non zehazten zen abokatuen faltagatik kausak berriz aurkeztuak izanen zirela aste baten buruan. Horretaz irri egin zioten eta ondorioz Irigaraik bertan behera utzi zuen bere justizia egoitza eta audientzien zabaltzea.

 

Kausa hauen aurrean, Zure Maiestateari gusta dakiola erreguzaleari onartzea, maiatz honetako 13ko Iruriko jaunaren ekoizpen berriaren kontra egina, jadanik apirilaren 27an kontra eginer gehituz, bere erranak onartzea konklusioetan, eta erreguzaleak Zure Maieztatearen osasun eta oparoaldiaren bermatzeko otoitzak segituko ditu.

 

 

Sinatua: Demontz

 

Nota : akta egin dut eta gainera eskubide hartua eta jakinarazia izanen da.

 

 

 

Erregearen kontseilu pribatuan egina, Parisen, 1658ko maiatzaren 21an.

 

Sinatua : Marssal.