Antton Negeluak sortürik - 2014

1650:Epaileak.Lextarre[L.9]

Catégorie : Lextarre Publication : Astehartea 6 Urtarrila 2015

 

Lextarreko korteko juridikzio horrek itxura oso berezia zuen eta zahar modua iragartzen zitzaion. Astean behin biltzen zen, asteazkenean, paretak erortzen ari zen audientzia sala batean, puska eroriek ondoko bidexka trabatzen zuten, horrela egiaztatu zuen jadanik 1625an Oloroneko apezpiku Maytieko Arnaud jaunak Oihenartko Allande Xiberoako zindikari.

 

(Bazter nota) : Lextarreko kortea izan nahi zen lekuaren paretak gaizki zirela egiaztatu zuten bi harginek, ez zutela xutik atxikitzen ahal, bi aldeetarik beso bateko zuloekin eta oinezkoen gainera erortzeko arriskuarekin.

 

Epaileetan, bakar batzuk dituzte eskubide nozioak, besteak aitorseme adoretsuak dira, landatarrak, fortuna eta instrukzio gutikoak, lanak utzirik etortzen direnak. Hanitxetan eskas ziren. Erregeak izendatu gobernariordeak, eskubide tituludun eta presidente zenak, leku nagusia izatea bidezkoa zen. Ez genion hori eztabadatzen baina gehiago nahi zuen, berak bakarrik epaiak bururatu. Epaile guziak eskas zirenean egiten ahal zuen. Audienzien artean ailegatzen ziren kausak berekin hartzen zituen, ikertzeko eramaten eta aktak idazten.

 

Potestat jaunak ez ziren horrekin ados. Eztabada aspaldikoa zen. 1650an biziagotu zen. Urte horretako urtarrilean potestatak kortean bildu ziren eta erabaki zuten asteazken guziez

 

(Bazter nota) : azalduko zirela audientzietara eta auzi erabaki guziak beraien aurrean hartuak izanen zirela, salbu eritasun eta zilegizko eskasen kasuan (…)

 

Hor ziren : Sohuta Belakoa, Sarrikota, Martinkoa, Ezpeizekoa, Onize Phillippes, Sarrikota Toulas, Berterreche, Martinkoa, Lasale, Sartillon, Arthaguy, Othegainko Bela, Jaureguiberri.

 

Orduko gobernariorde Brosserko jaunak ez zuen neurriari kasu handirik egin eta segitu zuen auzien idazten audientzien artean. 1650ko agorrilaren 19an potestatek beste erabaki bat hartu zuten idazkariari aginduz epaileen sinadurarik gabeko sententzien ez onartzeko, gobernariordeari kausen eramateko audientzi egunetan, erran nahi baita asteazkenetan, sententzien eta banaketa akten baliogabetze eta kasazio mehatxupean, eta abokatuer epaiketen ez onartzea (…).

 

(Bazter nota) : Brosserko jaunak ez zion erabakiari kasurik egin. Eta nola potestatek idazkariari agindu zuten kausen banatzea asteazkenean bakarrik, gobernariordeak audientziaren idekitzea errefusatu zuen. Idazkariak aipatu zion kortearen erabakia eta erantzun zion korteak bere ikusmoldeak idatziz bidaltzeakotan, berak erantzungo zuela.

 

Berak hartu erabakiaren ondorioz, kortea biltzen zen aste guziz eta asteazkenez, epaitzeko egoeran ziren kausa zibil eta kriminalen aztertzeko, idazkariak manua zuen kausen banaketako liburuaren agertzeko egun horretan eta gobernariorde Brosserko Jacques behartua da aspalditik eskuetan dituen kausen ekartzera kausak bururatuak izan daitezen eta herria arindua. Pasa den asteazkenean, gai horren aztertzeko bildu da kortea, jakinez idazkariak Brosserkoari kortearen erabakiaren berri eman deiolarik, honek kortearen erabakiaren segitzea debekatu deio baita banaketa liburuaren aurkeztea ere, idazkariaren txosten hori entzun ondoren korteak deliberatu du errietak luzatzea, Brosserkoak eskuetan dituen kausak ekarriko ditu auzien antolatzeko segituan, Usaiako 1en et 9garren artikuluek epaile eta juridikzio ordenak finkatzen dutenaren arabera. Brosserko jaunari mezua eman eta itzuli ondoren, idazkariak erantzuna jakinarazi du, Brosserkoak idatzizko mezua nahi du eta nahi duen moduko erantzuna eginen du, erantzun horrekin eztabadan sartu da kortea eta agindu du akta hau irakurria izanen zela dagun audienzian Brosserko jaunaren aitzinean eta hau berriz ere gonbidatua izanen da urtarrilaren 29o erabakiaren gauzatzera. Bera ezezkoan egonez, afera auzitegira eramanen da, Usaiako orden juridikoaren arabera eta ahaleginen da (…).

 

Sinazaleak : potestat Sohutako Bela, potestat Sarrikotakoa, Tartaz, Jauregiberrikoa, Gestas, Bereterreche, Dumartin, Lasale, Bela Othegain.

 

 

1650ko urtarrilaren 29 honetan Lextarreko kortean bilduak garenok, audientzien segitzeko, gai ordenaren betetzeko eta idatzizko epaien burutzeko, botz batez erabaki dugu gutariko inork ez duela asteazkenetan hemen izateari huts egingo, salbu eritasun eta zilegizko eskas kasuetan, aste guziez hemen izanen gira goizeko 9tan, gai ordenaren aztertzeko, parte hartzearen ikusteko, idatzizko kausen begiratzeko, hutsegileak hamar librako isuna pagatuko du, eta diruaren erabilpena beste kideek finkatuko dute eta gure ibilde zehatzagoa gerokoan eginen da, hau idatzi dugu, sinatu eta fede onez segitzea hitzeman.

 

 

Sinazaleak : Sohuta Belakoa, Sarrikota Rutiekoa, Ezpeizekoa, Sarrikota, Onize Phillippe, Tartaz, Dumartin, Lasale, Bereterreche, Bela Othegain, Jestaze, Sartillon, Athagui, Jauregiberri.

 

 

 

Lextarreko korteko arautegiko erauzkina

 

 

1650ko agorrilaren 19ko audientzian gobernariorde Brosserko jauna, errege prokurai Etchartkoa, potestat Sohuta Belakoa, potestat Sarrikotakoa, potestat Jestazekoa, Onizmendikoa, Bereterretxekoa, Jauregiberrikoa, Othegain Belakoa, ezkutari eta epaile-epaitzenak.

 

 

Lextarreko korteko epaile-epaitzenak bildurik egun eta gobernariorde Brosserko jaunak kudeatu saio arruntean deliberatu da ordenantza baten zabaltzea, herri honetako Usaia idatziaren jarraipenaren zaintzeko, bere araudien eta korte honen ordenantzen gauzatzeko, eta Brosserkoak deklaratu du guk bidali auzi-agiriko gaiak eztabadatu nahi zituela, korte honek agindu eta agintzen du urtarrilaren 19ko, 29ko eta otsailaren 1ko eta 5ko ordenantzak gauzatzekoak direla. Brosserko jauna berriz ere gonbidatzen da kausa idatzien ekartzera eta korteko epaile-epaitzenekin batean auzien idaztera.

 

Idazkariari debekuak eginak dira, bere kausek ez dute gobernariordearen inolako burutzerik izaten ahal, ez badira hirian diren epaile-epaitzenen sinadurak, baita ere idazkariari debekatzen da gobernariordeari kausen eramatea audientzia egunetik kanpo, asteazken audientzia egunean aldiz epaile-epaitzenak behartuak dira kortean izatera, Usaiaren isunen mehatxupean baita beraien banaketa eta sententzien ezabatze eta kasazio mehatxupean, eta 100 soleko isunaren pagatzean, erdia erregearentzako eta beste erdia egoitzaren konpontzeko. Eta berdin lehen bezala, abokatuer debekatzen da kausen atzeratzea, ordenantza honen kontra joatea, eta ordenantza hau denentzako famatua izan dadin, korteko atean itxasia izanen da eta ondoko audientzian irakurria izanen da.

 

 

Sinazaleak : potestat Sohuta Belakoa, potestat Sohuta, potestat Sarrikota, epaile Jeztaze, Jauregiberrikoa, epaile Bela Othegain.