Antton Negeluak sortürik - 2014

1656-03:Toulonjon.Aspremont[L.12]

Catégorie : Lextarre Publication : Astehartea 6 Urtarrila 2015

 

Toulonjonko konde jaunak, Ortheko bizkondearen idatzia zehazki begiratuta, non Iruriko jauna Xiberoako erremua saltzeko berarekin tratuan jartzeko ados den bi aurretizkoekin : hala nola, Iruriko jaunaren epaile Belaspectko jauna Xiberoako justizien jabetzan berrezarria izanen zela eta Iruriko jauna bere epaile Belaspectkoaren preso sartzeaz egin barkamenaren entzuteaz kontent izanen zela.

Erraiten du uste duela Iruriko jauna ez dela bere jendeaz ongi informatua izan nolatan dagoen Xiberoako justizien afera, Belaspectkoak zabaldu duenean bere ustezko ordenantza (berarekin bilduko zirela epaile epaitzen jaunak justiziaren erabakitzeko eta aginduz Lextarreko abokatuer bere aurrean mintzatuko zirela) horrek zuen preso sartzea kausatu. Zeren Iruriko jaunak aitzin suposatzen du Belaspectkoa Xiberoako biztanleer justiziaren emateko eskumenaren jabe zela, baina kontrarioa da benetakoa, Belaspectkoak ez du sekulan jabetza hori ukan.

Benetakoa dena da hilabete zonbait lehenago Mauleko hirian audienzia baten burutzera entseatu zela, bere aita eta hiru anaie ziren lau abokaturekin, eta horren berri jakin zuen Toulonjonko jaunak, bera delarik, Mauleko gobernari gazteluburu izanki, herriko benetako epailea baita bere epailekide diren herriko aitorsemeak, horiek hautsi zituzten Belaspectkoak egin aktak (forma arruntean bildu ziren Lextarren) eta Belaspectkoari debekatu zitzaion Xiberoa herrian, Iruriko jaunaren epaile gisa, akta bakar baten egitea.

Erran liteke Irigarai zendua, Iruriko jaunaren epaile karguan zena Belaspectkoa baino lehen, Xiberoako justizien jabe zela, kontseiluak 1645an kontraesankorki erabaki bezala, alde batean zelarik Iruriko jauna eta bestean gobernariorde Brosserko eta errege prokurai Etchartko jaunak, (erabaki horretan justiziako kausa guzien lehen urratsa Iruriko jaunaren epailearen aurrean izango zen eta honen deia Lextarreko kortearen aurrean) eta hori espresuki ukatua da, zeren erabaki hori ez zen gazteluburuari jakinarazia izan, ez eta Lextarreko korteko aitorseme epaileeri , ezta ere horretaz zuzenean hunkituak ziren zindikeri, herriko usaiaren iraultze bat eta justizia maila berri baten gehitzea suposatzen zituelako. Eta erabakia jakinarazia izanagatik, ez zuten sinetsiko, ez beitzen haiek emana, baina Brosserko eta Etchartko jaunekin bakarrik, eta gainera sekretuzko hitzartzepean, zeren bai batak bai besteak diru eskuratu baitzuten ordainsari gisa.

Argi da erabaki horrek ez duela izan ez efekturik ez gauzatzerik gazteluburu eta aitorsemeen aldetik, hauek jarraitu dute herriko afera guzien lehen urratsen ezagutzen, lehen egiten zen bezala, Lextarreko idazkariaren erregistroek horrela erakusten dute, idazkaria Iruriko jaunaren

zinpekoa da, jakinez bere maizterra dela.

Halere izan liteke Brosserko jaunak Iruriko epaile Irigarai zenduari afera batzu pasatzea, baita ere Irigarai delakoak Lextarreko afera batzuk tratatu izatea, baina afera horiek eman dizkio Brosserko jaunak bakarrik, beste aitorseme epaileen ezjakinean, estakurutzat harturik erabakiaren ondorioz hartu zuen dirutza, Irigaraik afera horiek burutu zituen Maulerik urrun den herri ttipi batean, gazteluburuaren eta aitorsemeen isilpean, eta akta horiek klandestino bezala hartu behar dira, aldiz gazteluburuaren eta aitorsemeen aktak jendeen aurrean emanak dira (Irigaraikoarenak baino askoz ere kopuru handiagoan), beti danik Justizia ematen den tokian eta gehienak Belaspectkoaren aurrean, bera han zelarik abokatu eta prokurai lanetan, horien aktak idazten zituen Reyau delakoak, orai hau Iruriko jaunaren zinpeko idazkaria da eta bere ustezko prokuraia Xiberoan.

Ondorioztatzen ahal da Belaspectkoak ausartzia handia agertzen duela trabatzen dituelarik gazteluburuak eta aitorsemeak betidanik eta lasaiki eraman duten jabetzan eta epaile epaitzenak, bere buruzagiak, behartzen berarekin biltzera eta justizian nagusitzat onartzera.

Erantzun liteke Belaspectkoak hori egin duela Iruriko jaunak eskuratu erabaki baten ondorioz, baina abokatu izanki, ontsa badaki erabakiaren gauzatzea geldiarazia zuela Toulonjonko kondeak, aitorsemek eta zindikek aurkeztu kontrakoak, kontrakoaren baztertzea zen lehen lana, justiziako orden zaharraren nahasten hasi baino lehen eta bere zilegizko eta aitzinako jabetzan aitorsemeak eta gazteluburua oztopatzez.

Herrian desordena ezarri baino lehen, Toulonjonko kondeak egin lezakeen gutiena egin du bere autoritateaz Belaspectkoaren ausardiaren gelditzea , ahal bezain eztiki presondegian sartuz, hamar egun barnean pasatu ditu, eta harrigarri zaio Iruriko jauna horretaz ofentsatua egotea, berak ontsa dakielakoz Irigaraiko zendua gogorkiago erabili zutela Lextarreko epaileek (gazteluburua eskas zegoen) eta gauza berdintsuarendako hiru hilabetez egon zen preso. Nahiz eta Iruriko jaunak negar handiak azaldu zituen Errege zenduari eta kontseilari jauner, ez zuen ordainik eskuratu, epaitu baitzen bere kargutik kanpo dabilen gizonaren presondegiratzean ez dela inongo ofentsarik.

Arrazoi horiek entzunik ere Iruriko jaunak segitzen badu gorago aipatu bi aurretizkoekin, Ortheko bizkondea otoiztua da ez gehiago afera honen aipatzeaz, zeren Toulonjonko kondeak ez du inongo gogorik aurretizko bat ere onartzeko, uste du ez duela egiterik zuzenbidez eta arrazoibidez, halere bere arrazoiarekin ez harrotzeko eta lasaitzeko gogoa duela erakusteko, eskentzen du bere interesen jartzea justiziako berezilarien eskuetan eta beraien abisetik ibiltzea, Iruriko jaunak berdin jokatzen duen heinean. Ez badu horrela egin nahi eta auzitara joateko gogoan izanki, Gramontko marexal jaunari atseginekin erakutsiko du egin ahalak egin dituela, honek galdegina baitzuen konponketa baten bila joateko (…). »