Antton Negeluak sortürik - 2014

1661-07:BrosserCostere[L.20]

Catégorie : Lextarre Publication : Igantea 4 Urtarrila 2015

Guk, Brosserko Jacques, errege kontseilari, Xiberoan gobernari ordezkari eta epaile eta Abadieko Costere Arnaud errege kontseilari eta herrian prokurai, ikusiz herriko mugimendu eta desordenak, horietan herren estatuko kideak armaturik, lau edo bost mila jende parropietan ibilki atabalaren doinuan, presoak eginez eta etxeak eraitsiz, Zure Maiestatea desorden eta mugimendu horietaz eta beraien zergatiaz jakinean ezartzeko beharra senditu dugu, bere justizia soberanoaz eta indarraz sendatzea gustatuko zaiolakoan. 
    Memoria ezin hobeko zendu erregeak 1639ko martxoan egin zuen legezko aginduaren ondorioz alienatzera eman ziren Guiena eta Languedoc probintzietako eremuak. Xiberoa herri honetako eremua saltzera eman zen eta Troisvillesko jaunak eraman zuen esleipena. Salmentaren berria herrira heldu zenean, hiru estatuek erabaki zuten 1641ko uztailaren 3an Zure Maiestateari eskatzea gusta lekion onartzea berrerostea, Zure Maiestatearen onetan, legezko aginduak aurrikusten baitzituen herrien berrerosteak eta horretarako beharrezko ziren mailegu eta kotizatzeen egiteko ahalmena. Hiru estatuek zazpi edo zortzi ordezkari hautatu zituzten berrerosteko dirutzaren mailegatzeko ahalmenekin eta mailegu eta gastuen ordaintzea adostu zen, hala nola  3/4a herren estatuak eta 1/4a apezeriak eta nobleziak. Akta horren ondorioz ordezkariek 60.000 libra alde batetik eta 20.000 libra bestetik jesan zituzten, Monensko eta Mesplesko baroien bermearekin eta horiek, interesak urte askotan ordaindu ondoren, kapitalaren ordaintzera behartuak izan ziren.
    Zure Maiestateak Toulonjonko kondeari Xiberoako gobernari kargua eman zenuenean, honek herria zor orokorraz trabatua aurkitu zuen, herriko eskualde batek ere ez zuen nahi pagatu, baizik eta berreosteko erabakiak ezeztatu zituztelakoz, Toulonjonko kondeak hartzekodunak eta herren estatua bultzatu zituen bakoitzak hiru arbitren izendatzera, zulotik ateratzeko maneran.
    Bi aldeek onartu zuten, arbitrak izendatu eta erabakia zabaldu zen, ondorioz herren estatua behartua  zen hartzekoduner pagatzera zorraren 3/4a bere bidezko interesekin. Geroxago hartzekodunak norbanako batzueri zuzendu ziren pagamenduaren eskatzeko, deiadarra jo zen eta eskazaile sargentuak uxatu ziren, eskualdeko degan batek Bordeleko parlamentuan dei egin zuen arbitren erabakiaren kontra, parlamentu honek 1659ko apirilaren 8an Monens eta Mesples hartzekoduner arrazoi emanik baitzuen, herren estatua 92.000 librako zorraren 3/4en pagatzera kondenatuz, gaineratuz bidezko interesak eta gastuak, beste 1/4a apezeriaren eta nobleziaren gain utziz. Eta Toulonjonko kondea behartzen du erabakiaren gauzatzean esku sartzera.
    Monens eta Mesples hartzekodunek bilketak segitzen dituzte, herren estatuko kideak matxinadetan biltzen dira, Monens eta Mesplesek matxinaden salaketak aurkeztu zituzten Espernonko dukeari, Guiena probintziako gobernariari baita Zure Maiestateari, Espernonko dukeak entzun zituen  herren estatuko zazpî deganak eta sindika eta parlamentuko erabakiaren gauzatzea erabaki zuen eta horretarako indarrez sartzeko prest zegoela azaldu ere, Zure Maiestateak ere agindu zuen Toulonjonko konde eta gobernariari erabakiaren osoki gauzatzean parte hartzeko.
    Ondorioz Toulonjonko kondeak herriko biltzar hanitx antolatu zuen, Zure Maiestatearen aginduak eta Espernonko dukearen ordenantzak irakurri zituen eta herriko biztanleek otoiztu zuten Mesples eta Monensekin zuten zorraren kitatzea, beraien ustezko kapital eta interesen ttipitzea aztertuz eta pagatzeko baldintza hobeagoak ahalbidetuz. Toulonjonko kondeak bildu gintuen, gu errege ofizierrak, apezeriako eta nobleziako ordezkariak eta ontasun orokorrari atxikiak diren beste jende argiak, Mesples eta Monensen xedea apaldua izan zen 123.000 libratara, beraien onarpenarekin. Onartua izan zen parropia bakoitzak pagatuko zuela bere parte hiru urtez herrenka.
    Baina parropia bakar batek ere ez zuen bere partea pagatu, batzuk pagatzeko obligazio aktak eginak zituzten, besteek pagatzeko epeak eta kuotak finkatuak zituzten, beraz hogei urtez herria desolatu zuen aferatik ateratzeko urratsak ematen ari ziren, Goihenetxeko Bernard, Xiberoa Mitikileko erretorrak, bertako etxe batean sortuak, pagamenduaren ez egiteko zurrumurrua hedatu zuen herrian, pagamendua ezeztatzen zuen Laguntzen kortearen erabakia eskuetan zuela herriaren berme gisa.
    Arrakasta gehiago lortzeko herrian banatu lituzke erabakiaren kopiak, herriaren zati bat bere alde hartuz, maiatzaren 1an usaiako Silbiet izeneko lekuan herren estatuak egiten zuen  biltzarrera hurbildu zen, bertan ginen ere errege ofizierrak eta norbaiti eskentu zuen Laguntzen korteko erabakiaren ezagutzera ematea, Goihenetxe bera ondoko oihantto batean jarria zegoen, deliberatu zen herren estatuko sindika eta beste hiru lagun joanen zirela berarekin mintzatzera, baina Goihenetxek degan guziak eta biltzarreko kide gehienak bere alde bildurik, limurtu zituen zorrarekin lotutako erabaki guziak hautsi behar zirela, zorraz salbuesteko ahalen ardiesteko ahalak emanen zituela, ezer ez pagatzeko, sindikaren kargutik kentzera ahalegindu zen, hau zerbaiten erantzutera abiatu zenean, bere zaldia berari buruz bultzatu zuen eta barnean labana duen makilarekin kolpe batzu bota zizkion, « herria, herria » oihukatu zuen, hau beita herriaren erreboltara bultzatzeko nazioaren deiadarra, ondotik sindika eskapatu zen adiskide batzuekin mehatxatu izan zen itotzetik edo masakratzetik alde eginez.
    Goihenetxek korteko abokatu Etxarteko Jeani trataera berdintsua egin zuen eta herriari erran zuen herrian kapelua eramaten zuten guziak uxatu eta hondatu behar zirela, horretaz errege ofizierrak abisatuak izan ginen, laster bertara hurbildu ginen eta Goihenetxe ikusi ginuen herriari harenga egiten, herriari Goihenetxen  erranak ez zirela arinki sinetsi behar entseatu ginen adieraztera, gure kontseiluak mesfidantzaz eta erreboltaz hartu zituzten, ez gintuzten entzun nahi izan, horrela Goihenetxek etxerat bidali zituen eta bera haiekin joan zen.
    Maiatzaren 3an Goihenetxek bere etxean deganak eta beste ehun gizon bildu zituen, Laguntzen korteko erabakia irakurri zeien, esleipena eskuetan ezarri eta hiru edo lau ehun libren altxatzea manatu zuen Laguntzen korteara beste erabaki batzuen bidaltzeko. Maiatzaren 5an Goihenetxek berriz deganak eta beste ehun gizon bildu zituen Maulen eta 11an bere etxera azaltzeko manatu zuen gero elgarrekin Bordelera joateko. Domintxineko degana ez zen beste deganekin azaldu eta kontratu berezi batekin Monens eta Mesplesi bere partearen pagatzea onartua zuenez, 12an Domintxinera joan zen bere taldearekin, bertan deiadarra zabaldu zuen eta herritarrak bildurik, aparte ibiltzetik zituzten zigor eta tasa mehatxuekin beldurtu zituen, berarekin ibiltzea onartu zuten eta kontratua itzuli zuten.
    Egun zonbait berantago itzuli zenean, denetan jakinarazi zuen Zure Maiestatearen manu zuzenarekin ari zela. Ekainaren 10an Monens eta Mesplesek bidali sargentua heldu zen Mitikilera herritarrek pagatzeko zuten partearen txerka, Mauleko gazteluburu Nogues jauna berarekin zen indarrez erabakiaren gauzatzeko, Goihenetxe sargentuaren eta Noguesen pareran jarri zen, eskuan zuen eskopeta beraier zuzendua eta bere iloba burdinezko sarde bat eskuan, deiadarra joarazi zuen, hartuak zituzten abereen uztera eta alde egitera behartu zituen.
    13an Goihenetxek, ustez preso hartua izateko arriskuagatik, Mitikilen deiadarra joarazi zuen ikusteko sokorriak helduko zirenez eta bere manuak segituak izanen zirenez. Horregatik abereen hartzera helduko ziren sargentoen  ikustean deiadarraren jotzea manaturik zuen jadanik, parropiaz parropia deiadarra jotzeko  eta deiadarra abiatu zen herrira biltzeko, horrela deiadarra joa izan zen bost edo sei parropietan eta jendea armaturik hurbildu zen Mitikilera Matalazen etxera eta honek aukera baliatu zuen erreboltarako eta beraien defentsarako gogoaren azkartzeko. 14an herren estatuko biltzarraren antolatzeko deganak deitu zituen, etorrriko ez zenari 25 libratako isun bat jarriz. Biltzarrera joan zen zaldian, bost ehun eskopetadun gizonekin, Tibarenne errege oihanera,  Mauleko gazteluaren bistan den lekura. Herriari erran zuen herrian kapelua eramaten zutenez oso mesfidati egon behar zela eta afera honetan herriko erretorrak  haiekin izanagatik, hamarreneko zerga eta eskaintzak desbideratu behar zirela. Eta hori egiten bazuten, horretaz  garbitzeko errege gutunak emanen zizkiela. Biltzarretik atera zituen berrehun gizon armatu guri, errege ofizierrer, jakinarazteko Laguntzen korteko erabakien edukina, horretarako zeiharkatu zuen Mauleko hiria eta Lextarre, horietan izanki errege justiziaren egoitzak.
    Guk, errege ofizierrak, Goihenetxen azpijoko eta ibilaldiak ikusirik, berriak bidali ditugu eta hauen kopiak Bordeleko parlamentura helarazi, erreboltatuetaz beldurraren handitzeko, konpainia soberano horrek har litzazken erabakien esperoan, gero eginen zuen bezala,  baina horrek beraien ausarkeria handitu baizik ez zuen egin eta erabakien jatorrizko paperen ematera behartu gintuzten armen indarrez eta altxamendu publiko baten aurrean, besterik ez dugu egin, berak ohartzeko eta gure etxeak eraitxirik izateko beldurrez, jadanik mehatxatuak izan giren bezala, herritar matxinatu horien eskuen artean izateko lotsaz, desorden horietaz berri gehiago emanen dugu hemen tropak izanen direnean jendearen atxikitzeko eta Erregearen autoritatearen bere mailan ezartzeko.
    Oloroneko apezpikua heldu zen Maulera ekainaren 18an bere karguaren betebeharrentzako, Goihenetxe bidera heldu zitzaion gizon armatu zonbaitekin, apezpikuak bere portaera txarra gaitzetsi zion, biharamunean Goihenetxek idatzi bat bidali zion bere iloba apezaren bidez eta apezpikuak eskatu zion bere etxera joatea ondoko egunean, Goihenetxe Lextarreko elizara joan zen bost gizon armaturekin eta bertan hitz egin ondoren taldearekin itzuli zen.
    25an herritar armatuen biltzar bat izan zen Arkebizkei guneko bordan eta bere xedetan berretsi zituen bere gizonak, parropia guzien biltzeko xedea konpondu zuten, ados ez zirenentzako hautatu zuten isun egitea, beraien etxetan egotea, nahitara jatea eta edatea eta gero Mitikileko bidea hartu zuen. Nahiz eta herri horretako biztanleen fede zerbitzuan izan, gehienek ez zuten bide berrian segitu nahi, haien etxetan sartu zituen bere gizonak txartel eta etiketen trukean, batean ehun gizon, bestean lauetan hogei eta bestean hirutan hogei. Parropiako batzuk esku hartu zutelakoan Monens eta Mesplesen abere bahitzetan, bere troper manatu zuen etxe horietan egoteko bahitu idiak itzuliak izan arte eta maite ez zuen baten etxean gauza hartu zuten.
    Bere tropako gizon batek jakin zuen Mesplesek bahitu idiak ez zituela itzuli, Biarnon atxikitzen zituela eta horretan Livron jaunak bazuela zer ikusia. Hau aitor semea, Nafarroako parlamentuan kontseiler eta hospitaleburu izana, orai bere ilobari utzia zuen hospitaleburutza eta hospitalean bizi zen apez zintzo moduan. Goihenetxek bere lauetan hogei gizonetarik hirutan hogei bidali zituen Livron jaunaren etxera, nahitara jatera eta edatera eta gero gizona preso ekartzeko. Horrela jokatu zuten, nahiz eta Livron jaunak bere errugabetasuna segituan probatu zuen, eta idiak bahituak ukan zituenak esaten zuen Livronek egin ahalak egin zituela idien itzularazteko. 26an preso hartu zuten eta bere hornigai eskasak jan ondoren, Goihenetxen aitzinera ekarri zuten honek hitzez astindu zuen eta bere tropekin harat honarat eraman zuen, erranez idiak itzuli arte preso atxikiko zuela. Gauean deiadarra jo zen herriko eliza guzietan eta biharamunean hiru mila gizonetako biltzar bat egin zen Sohutako zubian, Goihenetxe zaldian agertu zen, bere ondotik Livron jauna preso, eta Sohuta erdiala joan zen, bere ideiekin uzkur ziren jende batzuen etxetan aterbetu zituen gizonak, bera elizan sartu zen Livron jaunarekin eta bertan gaua pasatu zuten, Maulen zurrumurru batek zabaldu zuen bere tropek etxe handienak eraitsi zituztela, hauetan errege ofizierrenak eta Maulen alarma zabaldu zen.
    Horretan Mauleko biztanleek armak eskuetan hartu zituzten eta Oloroneko apezpikua heldu zen tropen ikustera, gero itzuli zen Maulera eta erran zuen Goihenetxek zer nahi zuen, lehenik guk, errege ofizierrek, egin genituen informazioen jatorrizko paperak, aurretik aipatutakoak, Bordeleko parlamentuak Goihenetxen preso hartzeko manamendua, Bordeleko prokurai orokorrak ardietsi erabakia non Laguntzen korteko erabakiak hausten diren, gei arno tasa galarazten duen Mauleko akta eta azkenik Maulen pasealdi bat egin nahi zutela, eta eskatu gauza horiek ez lortzekotan, mauletarren etxeak bizitegitzat hartuko zituztela, jakinda gainera beraien kontra jartzeko armak hartu zituztela.    
    Hiri honetako biztanleek egin behar zutenaz biltzarra antolatu zuten eta erreboltatu saldo horren haserrealdiari ezin zezaketela buru egin onarturik, delako dokumentuen ematera  behartuak zirela adostu zuten, berriz eskuratzea ere galdetu, apezpikuak dokumentuak hartu zituen eta Goihenetxen eskuetan eman, honek informazio paperak eta errege zigilua zuten Bodeleko erabakiak su batera bota zituen, tiro hotsen giroan. Apezpikuari hitzemana ziotenez ez zirela Maulen sartuko eta Sohutan desordenik ez egingo, apezpikua joan zen, halere parlamentuko abokatu Ahetzko Pierren etxea erasotu zuten, Bordeleko parlamentuan Monens eta Mesples jaunen kereila aurkeztu eta erabakia lortu zuenagatik, mahasti eta zuhaitzak ebaki, bertako ogi bihi eta muebleak lapurtu, eta jakinik bera Bordelen zela bere aferetan, emazte eta haurren bila ibili ziren, hauek Maulen gordeta izanki, eta gero Domintxine aldera abiatu ziren.
    Bertara heldu orduko, tropak etxeetan sartu ondoren,  Goihenetxek behartu zuen Livron jauna Mesplesi gutun baten idaztera, eskatuz bere askatzea Domintxinen bahitu idien trukean, Donapaleuko biztanleak abisatu zituen, xiberotar presoen ez libratzearen ondorioz bertara joanen zela presontegiaren eraistera, Mesples et Monens jaunei zorraren ez pagatzeagatik ziren preso, jadanik Oloroneko apezpikuak abisaturik zituen Monens eta Mesples Goihenetxen tropak Biarnon eta Nafarroan sartu nahi zirela haien etxeen suntsitzeko, tropak sartu ziren Nafarroan eta Donapaleu hiritik aski hurbil, oihu eta eskopeta tiro askoren giroan, apezpikuak lortu zuen presoen eta idien askatzea.
    30an, Goihenetxe heldu zen bere saldoarekin, hiru mila gizon inguru,  Tibarenne oihanen akanpatu zuten, Maule alarma gorrian zen, ustez eta tropek etxeak suntsituzko zituztela, gauzak hartuko baita ere errege gazteluan sartuko, ondorioz hiritar handienak bildu ziren gazteluan, alde batetik defentsaren antolatzeko eta bestetik arriskuetan ikusten zituzten beraien bizien salbatzeko, Oloroneko apezpikua populu horren aurrera joan eta bi orenez gonbidapen eta gaitzespen entzun ondoren amore eman zuen, desorden gabe ibiltzea hitzeman eta, horrela armaturik eta  atabalaren doinuan lerrokaturik hiria zeharkatu zuten, hiritarrek eskaini bi arno barrikak gozatuz.
    Apezpiku jaunak lan asko egin zuen populu horren lasaitzeko, aitzinean ibili zen desordenen ezabatzeko, Goihenetxen gidaritzapean tiro hanitx bota zuten eta alde egin zuten, hitzartuz geroko igandean, uztailaren 3an, berriz biltzea.
    Egun horretan populu hori bildu zen Lextarre lekuan, Goihenetxe zoan zazpi edo zortzi ehun gizonek lagundurik, Sohutan Mauleko eta inguruko erreformatu fededunek zeremonietarako erabiltzen zuten etxea eraitsi zuen.  Lextarrera heltzean, Montoriko jenderik bazenez galdetu zuen, batzuk bai ihardetsi zuten, hornigaien prestatzera joan zaitezen manatu zuen, bertara egotera eta higanauten ikustera joateko gogoa bazuela erran zuen. Jendearekin mintzatzean, errege gazteluko kanoia beraier buruz zuzenduak zirela ohartu ziren, desorden egiteko eta gazteluan lo egiteko mehatxupean kanoien kentzea eskatu zuten Arueko jaunari, hau izanki gazteluko armen burua Toulonjon kondearen eskasean, Arueko jaunak erantzun zuen haiek armaturik eta bildurik ikusiko zitueno kanoiak horrela atxikiko zituela, Goihenetxe eta bere gizonek apezpikuari azaldu zioten beraien kezka, apezpikua igo zen gaztelura eta Arueko jaunari azaldu zion populuak bitxi ikusten zuela kanoien planta eta kentzea galdetu zuen, Arueko jaunak ihardetsi zuen kanoiak ez zirela eraso egiteko moduan jarriak baizik eta eraso bati erantzuteko moduan, eta gazteluaren defentsa zuela helburua hitzeman zuen, apezpikua hitzartze horrekin itzuli zen populu artera.
    Goihenetxek eskatu zaukun, guri, gobernariorde eta epaileer, estatuen biltzarraren antolatzea, erantzun genion azken egunetan herrian ikusten genuen desordenak ez zuela biltzar nausiaren deitzea ahalbidetzen, errege prokuraia eta herren estatuko sindika herritik kanpo zirela, segurtatsun eskasez hurruntzera behartu zituzten horrenbeste jende armatuk, bortizkeria eta etxe eraiste mehatxuek, baldintza eskasetan bildutako biltzar nagusia baliogabekoa izango zela baina Goihenetxek, armak eta indarra eskuetan, itxurako biltzar baten egitera behartu gintuen, bertan egin zuelarik biltzarburu eta populuaren bultzazaile.
    Hori eginik, Goihenetxe buruan zuen populua joan Atarratzera parte bat han kokatu zen eta bestea inguruko parropietan, kasu eginez kontrako ideia zuten etxetan bereziki sartzeko, biharamunean, uztailaren 4an, Montorira joan zen Goihenetxe, bere hiru mila gizonezko tropekin eta han kokatu, bereziki erreforma fededunen etxetan eta horietako hamabost bat etxekojaun behartu zituen elizako altarean, argizaria eskuan eta bikarioaren aurrean, katoliko fedeari juramendu egitera, eta berriz fedez aldatzen baziren beraien etxetan su emanen zeietelako mehatxua egin zuen, konbertitu berrien etxetan kokatuak zirener manatu zeien ez konbertituen etxeetara joatea, eta azken urtetan erreforma fedeko zeremoniak egiten ziren etxea eraitsi zuen. Biharamunean tropak despeditu zituen, sokorri eta biltzar dei bezala deiadarra finkatuz. Askotan hitzemanarazi zeitzen idatzi bateko agintzak, non etxeko jaunak deituak diren elkar laguntzera edozein indarrezko eta diruzko gauzetan, eta berari baita beraien arteko batasunaren zaintzea biziaren ordainetan. Nobleziari eta erretorrei hamarrenekoen itzultzea hitzemanarazi deie, justiziak behartzen balitu horien pagatzera, beraien lurretan ez dutela gehiago garirik landatuko bena bai artotxikia, horrela artotxikia jaten ez duten jende zintzoak behartuak izanen direla herritik alde egitera, eta populuari sinesgarritasun habororen emateko, soilik Zure Maiestatearen manuz ari zela. Berak egin gutunak agertu ditu, erranez Erregeak eta Erreginak zizkiotela bidali, nolako ahala duen populu horrek maila horretako desordenen antolatzeko edozein egunetan, hiru ordu aski dute biltzeko, jende zintzoen etxeen desegiteko eta husteko, berdin apezenak, nobleenak eta errege ofizierrenak, denen atzetik dira, beraien personer ere aiher dute. Herriko jende on horien mesedetan eskatzen dugu Zure Maiestateari gusta dakion bere justizia arrunteko autoritatea jartzea Goihenetxe eta bere kideen gehiegikerietan horretaz umilki erregutzen zautugu, Xiberoa herriko zuren ezinago umil eta fidel ofizierrak.

Brosser, Abadie Costere, Xiberoako errege prokurai
Mauletik, 1661ko uztailaren 9a