Antton Negeluak sortürik - 2014

1661-08:Toulonjon.Herria[L.22]

Catégorie : Lextarre Publication : Astehartea 6 Urtarrila 2015

 

Parisetik 1661ko agorrilaren 28an

 Zindik, degan eta Xiberoako herritar jaunak, zuen azken gehikerien eta bortizkerien jakiteak ez naute harritu, aspalditik horrelako usaia duzuelakoz, eta zuekin erabili ditudan goxotasun eta zuhurtasunak, neurrira ekartzeko ordez, galtzera eraman zautuzte.

 Orai gobernuan sartua naiz baina aurretik eskaini nizuen zor orokor gaizto horretatik ateratzea, ene kontra altxatu zirezte eta gero Nesmond presidente jauna heldu zen herrira, edonork badaki herrira mugagabeko bidaiak egin ditudala, zonbat nahi gastu eta nekeekin, zuen artean akomeatzera behartzeko, etengabe zuen zuhurtze eskasa aldarrikatu dudanaz jakile zarete, erresumako beste lekuen parean ezin hobeki bizi zineztela, zuen zorigaitzaren eragiteko gaitasuna bazinutela, nik edozein laguntza eginik ere, jakingo duzue desbideratu ditudala Eguillonen ziren Errege Erregimenduko lau konpainia, hauek Xiberoan sartzeko agindua zutelarik, badakizue ere ene gain antolatu armadatxo bat nahiago nuela eziz eta errege tropen sartzea, horiek hondamena ezarriko baitzuten.

Jakinen duzue ere Akizen behartu zintuztenean hazkurritan 72.000 libren ordaintzera, ni espresuki kontra altxatu nintzela, nahiz eta horren erdia enetako izanki, berdin ahalegin handiak egin nituen baroi jaunek dirutza handi bat ken lezaten, ni gabe ez zuten eginen eta ikusi zinuten nola harremanen mozteraino heldu nintzen zentzuz kanpo jartzen zirenean.

 Ontsa jakingo duzue Guiena, Biarno eta Nafarroako zuen auzoek hazkurri handiak pagatzen dituztela, eta eskuetan nituen zuen obligazioer esker, horietaz arinduak izan zireztela.

 Zer gertatzen zauzue orai ? Honera etortzeko herritik atera orduko zuen altxamenduetan segitu duzue, eta nolako handiak, irudimenaren gainditzekoak izan dira. Zonbat kalte eta desorden ez duzue egin ? Zeinu-deiarekin bildu zirezte, ordenantzen kontra armak hartu, indarrez presoak atera dituzue, justiziaren egintzaz preso ziren eta zuen autoritatez eragin duzue, Maule arpilatu nahi zenuten, errege gaztelua harrapatu, agiriak zabaldu dituzue, parlamentuko erabakiak sutan erre jendeen aitzinean, erreformatuen tenpluak desegin, etxeak eraitsi, lege berriak jarri, norbanakoa errekaratu eta persona zintzoak astindu.

 Azkenean zuen krimak hain dira izugarriak, non ez den aski paper horien lerrokatzeko eta zinez tematsu izan behar duzue zeren ez zirezte gelditzen, eta desolamenduaren bezperan horretan jarraitzen duzue. Aldiz honera bidaltzen duzue Salhako baroi jauna zuen menpekotasunaren aldarrikatzeko, eta denbora berdinean sekulan baino okerrago egiten duzue.

 Zuen krimenen segitzeagatik zuen sostengatzetik ahalgabetu nauzue. Zuen galtzea hautatu duzuelakoz eta horretan segitzen duzuelarik, ez dut deusere egiten ahal. Horrela nahi zinuten, horrela nahi duzue, ez nauzue sekulan sinetsi nahi izan, nahiko haserre naiz eta ez duzue konsideratzen Marseille hiria atsegabetua dela, Erregeak izendatu kargudunak ez dituelakoz onartu, Nimes hiria arpilatua dela, apezpikuaren kontra altxatu ondoren, eta orai Montauban hirian 8.000 gizon badira, nahierara bizi, mila gaizki eginez, erreformatuek Jesuiter bere kolegioa ez dutelakoz eman, nahiz eta Erregeak horrela agindu.

Uste duzue zuek, hainbat krimen egin duzuenek, ez zireztela gaztigatuak izanen eta begira nik aipatuak nola krudelki erabiliak diren kasik deuseren egiteagatik, seguruenik tronpatuak zirezte, Erregearen kexua jakinen duzue Salha jaunaren ahotik, egokia, ahal bezainbat lasaitzera ahalegindu naiz, eta horretan segituko dut (…).