Antton Negeluak sortürik - 2014

1662.04.Atarratze[X.3]

Catégorie : Xiberoko bizia Publication : Astehartea 24 Bantaila 2015

 

1662Ko apirilaren 23an, Atarratze, biltzar publikoen ohikoko tokian.

Gorritoua Augerotko Xans, Agieko Pegenaud, Ahetzko Pierre, zineginak, Burguburuko Pierre, Aistorko Pierre, Maletko Domingo, Acheterko Pedro, Saubiatko Josep, Elisseixko Jean, Lopitzko Petiry, Eronneko Jacques, Etchecaparko Arnaud, Maisterreko Jean, Mendibilko Jean eta Galantko Dominique izan dira eta erran dute norbanako zonbaitek nahasketak sortu zituztela herrian, desorden eta damu handiak izan dira, bereziki burgu honetan, biztanlek ez zituztelakoz nahi segitu altxatuen xedeak, nahasketa eta altxamendu horietaz gure jaunek jakinean ezarri dituzte Erregea eta Bordeleko parlamentuko kortea, korteko komisarioa herrira etorri da ogendunen auziperatzera, horietarik zonbait ihesean dira eta besteek aldiz egin ahalak egin dituzte herri osoaren biltzeko Zure Maiestatearen amnistiaren eta abolizioaren ardiesteko, eta erabaki dute biztanleria osoan 4.500 libra altxatuak izanen zirela amnistiaren lortzeko.

Beraien erranetara bildu nahi dituzte inozenteak, aurreratzen dutelarik St Luc jaunak, Guienako probintzian Zure Maiestatearen ordezkari orokorrak, bidali duela herri honetara bere gizonetarik bat, ordenantza batekin, 4.500 librako dirutzaren biltzeko. Herriko eta auzoko biztanleentzako aski argi da Atarratze burguko biztanleak ez direla altxamenduaren eragile izan, ez dira legez kanpoko biltzarretan izan, eta alderantziz, gastu eta domaia handiak jasan dituzte altxatuak heldu direnean beren etxetara bizitegi eta beste gauza egitera. Aldarrikatzen dute amnistian ez direla nahi izendatuak edo sartuak izan, halere, St Luc jaunari erakusteko sineskor direla, herritarren artean 4.500 librako dirutzaren biltzeko ordenantza hel baledi, dirutza horretan doakien partearen pagatzeko ados dira, protesta eginez amnistiaren erregistratzeko gastuak edo kondena zigorrak ez dituztela pagatu nahi, gaitzetsiz eta gaitzesten dute Montoriko notari Rospideko jaunak egin duen ordezketa akta.

Gainera, jadanik ahoz erran duten bezala, biztanleek aldarrikatzen dute 1661ko maiatzean pagatu zutela Moneinsko eta Mesplesko jaunek eskatzen zuten dirutzako beraien partea, ez dute inoiz ukan eta ez dute nahi inolako tirabirarik herriko nobleziako jaunekin, guzi horretaz biztanleek eskatu didate akta eta Rospidekoari jakinaraztea, beretako eta bere kolegentzako, gure betebeharrez egin dugu eta jakinaraztea eskeini, idazten zakitenek sinatu dute eta besteek ez, nik eskaturik : Hormentko Arnaud, Dailly Louis, Augerotko Xans, Ahetzkoa, Agieko zinegina, Elisseixkoa, Lopitzkoa, Olhykoa, Acheterkoa, Maisterkoa, Holiatkoa, Hormentkoa ; Uhaltkoa.

 

(Beste idazkera)

Egun berdinean, Mauleko Gourdo etxean, errege notari Rospideko Bernardi jakinarazia izan da, ez jakiteaz ez baliatzeko, kopia bat emana izan da, berak ez zuen nahi, ez du erantzun, Sarrikotagaine Arhetzko Jean eta Barkoxe Berhoko Bernarden aurrean, biak laborari jakileak, idazten ez jakinez ez dute sinatu eta Rospideko jaunak ez du sinatu nahi izan.