Antton Negeluak sortürik - 2014

1672:FroidourXiberoan[X.5]

Catégorie : Xiberoko bizia Publication : Igantea 4 Urtarrila 2015

Erauzkinak, H. de Coincy, 1928
« (…) Louis de Madelinek idatzi du : « Aisne eskualdeko la Fèren sortua, seguruenik 1625aren aurretik, Serizyko seinore, eskutari eta zaldun, Louis de Froidour Ile de France, Brie, Perche eta Picardieko Huren kontseiler ordezkari izendatua izan zen 1651ko urtarilaren 30an.1666ko martxoaren 3an « Toulouse eskualdeko Oihan eta Huren erreformatze orokorreko komisario » jarri zuten, holaz Hendaiatik Puy en Velayraino, Pirinio osoa barne, bere lan eremutzat zuen. Bere ekarpenetaz eskertzeko, Louis XIVak Lapurdi, Baxenafarroa, Xiberoa, Biarno eta Languedoceko Hur eta Oihanen Arduradun Nagusi kargua bereraiki zuen 1673ko otsailaren 13an eta Froidourek kargua atxiki zuen hiltzeraino, hau Toulousen 1685ko urriaren 11an gertatu zelarik. Erreformatze lana zen oihanen zerga neurriaren egokitzea, oihanetan gehiegizko botatzeen, lapurketen eta su emaiteen ondorioz (…) baita ehizaren eta arrantzaren arautzea. Froidourek eskualde horiek guziak zehaztasun handirekin ikuskatu dituela jakitean harrituta gelditzen gira (…).   
    (…) 1671ko agorrilaren 25an Froidour Pauera heldu zen, 13 egun pasatu zituen, Biarnoko eta Nafarroako gobernari konde Guichekoarekin egon zen baina ez zuen ezer aurreratu kondearen nagikeriagatik. (…) Urriaren 3an Maulera heldu zen Xiberoaren bisitaren antolatzeko bertako arduradunekin (…) 28an, Josbaigt, Belac, Mitikile, Sohuta eta Maule parropietako oihanak korritzen ditu eta Maulera heltzen da. 31an Lanbara eta Tibarene lekuetako errege oihanak zeharkatzen ditu. Azaroaren 2an Undureine, Sarrikota, Arue, Etxarri eta Ozeraine ikusten ditu. 3an Garindaine, Idauze, Urdinarbe, Muskildi, Mendikota, Ozaze, Altzai, Lakarri eta Atarratze korritzen ditu. 4an Erretzu, Montori, Barlanes eta Eretako oihanak zeharkatzen ditu, menditik « hobekienean » pasatzen da Santagrazi eta Larraineko mendien ikusteko eta Atarratzera heltzen da. Egun ontsa betea izan dela erran dezakegu. 5an Iruri, Zalgize, Doneztebe, Gotaine eta Irabarne parropietako lurrak ikusten ditu eta Maulen aterbetzen da.
    (…) Xiberoa eskualdeko txostena ez da osorik : lehen 42 ostoak eskuz idatziak dira, eskualdeko krokis nahasi batekin, gero orri xuri batzu (…) idatzi horietan Froidouren behatzaile gaitasunaz ohartzen ahal da, bereziki biztanleen usaiak, beraien baldintza ekonomikoak eta orohar herriaren ulertzeko duen gaitasuna harrigarri egiten zauku (…). »

Froidouren idatzien erauzkinak :
(…) Herria zinez jendetsua da. Hiri izena duen leku bat baizik ez da, hau da Maule, herriburu egiten du, nahiz eta ez den hetsia edo harresiz inguratua. Gainera hiru burgu eta 54 herri ttipi dira, gehienak lautadan eta bakar batzu eskuin esker diren mendietan. Eraikinak kanpotik begiratzez ez dira desatseginak. Denak harrian edo herriko harri arruntean eginak dira eta oholez estaliak. Baina, herriko arkitektoak ez baitira munduko jende abilenak, etxeen barneak ez du atsegin berdina ematen. Etxeen eraikitzeko haritzaren zurra bakarrik erabiltzen da.
    Lautadan eta mendi apalen arteko aranetan agertzen da landatu zuhaizti asko. Etxaldeen itzulia lerroan ezarri zuhaitzez betea da eta bide handien bazterrak zuhaitz lerro ikusgarriak dira. Taxutua den biztanle bakoitzak bere lurrean dauka zuhaizti egokia eraikuntzen mantenuarentzako, etxearen berotzeko eta beste beharrentzako, hala nola xerri batzuen hazteko. Mendi apaletan dena da iratze eta ote, gune batzutan ametza haritza ikusten da, hau da haritz mota bat, ttipi eta oker dagoena, frutu gutikoa. Portuetarik hurbil diren mendiak pagoz landatuak dira beste nahasketarik gabe, eta berotzeko erabiltzen dira. Mendiaren parte bazkaleku da bestea harri, orientazioaren arabera, hego aldea ekiaren beroaz sofritzen du eta iparraldea oihan da. 
     Herrialde osoa ontsa urreztatua da, eta herria zinez konkortsua izanki, ibar guzietan bada erreka ttipi eta horiek denak Uhaitzera heltzen dira, ibai hau Mauleraino, kasik etengabeko uholde bat da baina Mauletik behera nabigatzeko  maneran ezartea aisa egin liteke, herrian balitz aski ekoipen eramateko.
    Mendi hurbiletan metatzen diren odei, euri, elur eta txingorrek eskualde osoa gaizki jartzen dute, hau berez hanitx hotz eta mehe izanki. Ordokiko lur azpian bi  oinetara harria aurkitzen da eta mendi aldean harri bizia azalean da, eta ondorioz lurrak ekarpen guti du. Lan kostuz eta gorotz hanitx ezarrita, lurra emankor bilakatzen da. Ordokiko lurra aski ontsa landua da, erabilitako lur guti da aldeetako maldetan, baina lautadakoen jorratzeko bezain bat neke ematen da maldetakoen lantzeko, horregatik lur horietan urtero biltzen da arto eta ogi, aldizka, bihi mota horiek baizik ez ditut ikusi. Artotxikia arraro egin da laborariek usaia hartu baitute arto handiarekin, Frantzian Indiako artoa deitzen duguna. Belardi guti da eta ondorioz simaur egiteko lasto eta belar guti da, laborariek urtero mozten eta biltzen dute iratze, txilar eta otea, hortarako zainduak diren mendi maldetara joaten dira biltzera : bakoitzak badaki zoin gunetan moztu behar duen eta gero hedatzen da ezkaratzetan, loriotan, karriketan eta bide handietan, simaur bilakatzeko eta sasoian lurretan zabaltzeko.
    Mahasti guti da herrialdean, baina sagardoiak daude ibarretan, ene ustez aski egoera txarrean eta jakin dut ere ez zegoela hazitegirik mantentzeko edo noiztenka berritzeko, baina Lapurdiko laborariak jiten dira etxeetara, txertoen egiteko garaian, txertatu landare gazteen saltzera, eta haien eskentza prezio apalekoa izanik, horrek esplikatzen du hazitegi falta. Sagardoier kasu handia egiten zen, eta mahastiak eskas izanki, sagardoa egiten zen baita ere beste edari berezi bat, sagardo txuria deitzen zutena, ur eta sagar nahasketa bat eta edaritako erabiltzen zutena. Oraino ere bi edariak egiten dituzte, herrian nintzenez bilketa garaian, eta azken urtetan hasten dira mahasti landatzen, bestalde herriko biztanlegoa handitzez doanez, biztanleak beharrezkoari lehentasunez lotzen dira eta edatera ematen zuten sagardoiak desegiten dituzte jatera emanen duten lur landatuetan jartzeko.
    Biltzen den bihi kopuruak, urte hoberenetan ere, ez du aski ematen biztanleen hazteko. Usaia dute erosteko Espainia aldean edo Baiona aldean edo Landes aldean, prezioaren arabera. ardoarekin berdin da. Hegazti gutxi atxikitzen da eta ontsa korritu dudan herrialde osoan usotegi bat baizik ez dut ikusi eta oso txikia gainera. Ehiza guti dela ere jakin dut eta aitortu behar dut bazkari txarrik egiten dela, hautu bakarra da behikia, ardikia edo xerrikia horiek oro ez dira aragi hain txarrak, nahiz eta abere kopurua zinez ttipia izan. Iruriko kondearen etxean bakarrik ontsa jan daiteke, abadea hor denaz geroztik, eta bera ere janari gehienaren kanpotik ekartzera behartua da, eta etxe horretan bezain bat gasta baledi beste etxe batzutan, herri osoa gosean jartzekoa baliteike.
Bazkalekua eskasa da, lurra hotza delakoan, udaberrian guti jiten da eta udan egiten duen beroa hain da bortitza, dena kiskaltzen du. Portuen azpiko mendien laguntzarik gabe, non abereak egoten diren Jondane Johanetik udazkenera, herritik ihes egitekoa baliteke. Jende gehienek abere handiak ez dituzte atxikitzen, lurraren erabiltzeko beharrezko direnak bakarrik. Idiak saltzen dituzte eta lurraren landatzeko begiratzen dituzte behiak, ahal bezain luzaz, eta zahartu direnean, gizentarazten dituzte gero saltzeko, beraientzako direnak gatzarekin jartzen dituzte, eta horientzako arretxe baten hiltzea krima litzateke. Behiak lanean ari dira eta bazka apur izanki, esne guti ekoizten da arretxen hazteko doia eta gainerakoa baserritarren janaritako baliatzen da eta ondorioz Xiberoan gurinik ez da egiten, Bigorra eskualdeko Campan eta Lavedan ibarretarik ekartzen da. Ardi saldoak aski usu ikusten dira. Handienak ehun, ehun eta hogei edo ehun eta berrogeita hamarrekoak dira, ezin litezke handiago izan, belar eta beste janari eskasarengatik. Ahuntzak ere badira, baina kopuru txikiagoan. Herri honetako jendek duten axurien hiltzeko eskrupuluak xahalen hiltzearen heinekoa baizik ez du, haatik antxumeei ez zaie parkatzen. Ardietarik, ahuntzetarik eta mendian ez diren behietarik ateratzen den esnearekin gasna idorrak egiten dira, horren parte xahutzen da herrian eta bestea Baxenafarroan eta inguruetan. Hanitx ikusten dena da xerria, txikia baina arras ona, gainera erresumako urdazpi hoberenak, Lahontan-koen ondotik, Xiberoakoak dira. Baionako urdazpia izenarekin ezagutua dira eta ohar bat egin nahi dut Baionako urdazpi fama horretaz, Baionaz bertan ez da hazkuntzarik eta bertara biltzen dira Lapurdikoak, Baxenafarroakoak, kopuru handia egiten da hor, eta Xiberoakoak, hau urrun izanki, guti ekartzen da handik. Frantzian uste dugu manera berezi bat daukagula edukin eder et gustu onaren lortzeko baina hemen bezalatsu ari gira : gatzean jarri bi edo hiru astez bertan utzi hortik atera eta su ondoan dilindan jarri gure eskualdean bezala. Herriko janariak du ematen gusto ona eta horren egiaztatzeko aski da Arma gnac eskualdean erosi xerri baten hiltzea, Xiberotarrek ere hor erosten dituzte gaztean, eta bere azpiak ez du deusere balio gure eskualdean bezala ;(...).
    Zaldiak aldiz, belarra eta oloa bezain urriak dira. Horiek ere txikiak dira, gehienak Nafarroa garaitik jiten dira eta fama dute Biarnokoak baino hobe izateko. Bakar batzuk hazten dituzte beste abereen artean. Abereen elikatzeko manera Piriniotako beste eskualdetan erabiltzen denaren berdintsua da. Lehenik jakin behar da bero handiak etortzen direnerako, Jondane Johane aldera, etxaldean atxikitzen dira lurren landatzeko edo harat honaratetarako beharrezko diren abereak, besteak oro portuetako mendietarat eramanak dira eta han egonen dira elurra azaldu arte. Halere, han eta hemen, behitegi manerako eraikuntzak ikusten dira, hemen cayolar izena dute eta bertan aberezainak aterbetzen dira gauean eta lau hilabetez egoten dira beheratu gabe. Mendi goretan elur izan orduko abereak behereko mendietarat jiten dira, bertan udako eguzkiak erre soroak udazkeneko euri arruntek berriz berdeturik izanez. Hotza azkartzean eta elurra behera hurbiltzean ordokira heltzen dira eta bertan ez landutako alorretako belarra jaten dute. Neguan sartu eta herritik ateratzeko egin ahala egiten da beheragoko eskualdetarat joateko hala nola Gaskoina, Xaloza edo Landesak. Udaberriko eguzkiak elurra hurtu arte abereak hor egonen dira. Une horretan berriz biltzen dira abereak, herri behereko soro ez landuetako belarraz gozatzeko aste pare batez eta Jondane Johane aldean berriz abiatuko dira mendi apaletarat eta gero gorago. Gainera, ekoizpen eta mozkin urriko eskualde horretan jende guti bizi da. Erregeari errege zerga ematen zuen, usaian oso txikia, baina François I erregearen garaiko gerretan asko sofritu zuen, Espainaren auzo izatetik, eta zerga kenketa osoa egin zitzaion orai arte. Ez dago ez « taille », ez « gabelle », ez beste zergarik. Jendeak gatza erosten du Biarnon edo Espainian, bere gustora, eta pagatzen dute soilik errege eremuaren zerga lau mila librakoa, eta gobernariaren soldata, kopuru berdinekoa.
     Biztanleak ere zinez neurridunak dira; ez da izanen zaila sinestea bertako janari txarraz erran dudanaren ondotik, baina ohartzen niz herrian ikusi ditudan gende gehienek ziurtatu dautatela laborari aberatsenek ere ez zutela jaten urtean lau laka ogi, eta lakak berrogei librako pizua du. Gehienak artoa dute janari, horrekin ogi edo pastel bezalako bat egiten dute, « miasa » deitua, gustua biziko ona du, esnearekin nahasia denean bereziki, baina zinez pizu da urdailean eta guti jatea aski da ase betea senditzeko. Gurinik ez dute, eta olio guti erabiltzen dute, hitz batez, ez dutenaz paso egiten dute, zerbait jateko izanez gero, edozein izanik, kontent dira. Berdin ez dira ahozuri edari kontuetan, falta dutenean ardoa, sagardoa edo sagarjusa, errexki edaten dute ura eta munduko ardo hoberena edan balute bezain kontent dira. 
    Eskas horiek izanik ere, aski garbi dira beraien altzarietan, bereziki jantzietan. Kalamu guti da hemen, bakoitzak ereiten du lihoa, behar den bezain bat etxerako, janzteko eta beste beharrentzako. Laborari xumeenak ere badu dozena batzu eskuzapi fin, elurra bezain xuri eta hari berdez marratuak. Beti dute ogi xuria, ogia egiten duten aldi guziz berritzen dutena, berri izateko; beti dute gasna edo fruta batzu eta boteila batzu ardo eta sagardo fin, erran nahi baita ez urarekin nahasia, etxaurrean pasatzen edo gelditzen denari askari baten aurdezteko gisan. Nihaurrek   zintzotasun horren proba ukan dut behin baino gehiagotan  zonbait laborariren ganik.
    Herriko fedea katolikoa da, erreformarekin nahasketarik gabe, gainera erreformatuak hain dira urriak, ez du balio ere aipatzea, eta fededun bakarrak ez dira bertakoak. Erran dautatenez, zinez jinkozale dira eta haien erretorrak aski biskor ere,  Biarnoko fraideek eta duela gutxi Maulera etorritako Kaputxinoek dioten arabera, sorgin et belagile saldo handia bada, Biarnon bezala. Elizetan eskualdeko pobrezia nabaritzen da. Badute ohidura bat denetan erabilia agertzen dena: hilobien ondoan gurutze baten ezartzea, marmolez edo beste harri gogorrez. Hilerri guzietan ikusten dira gurutzeak lerroan, familia bakoitzak izanki bere lekua. Salbia ere landatzen da, ustez eta belar horrek dohain bat baduela gorputzen usteltzetik babesteko.
Herriko hizkuntza euskara da, halere batzuk mintzatzen dute biarneara, frantziera, gaskoiera eta bakarrek espainiera.
    Jendea ontsa jantzia da, gizon gehienak biarnesen maneran, txapela buruan, ileak labur, lepoan tolesdun txikia, galtza zimurtuak eta biarnes ezkapila, tunika bezalako atzean loturik txanoa, kaputxinoen idurikoa. Emazte gehienak janzten dira oihal xuriz,  horratuak eta beltz edo ubel koloretako bandaz apainduak, lepokoak edo zimeldunak bularren estaltzeko eta buru gainean txanoak, batek kolore batekoa, besteak beste kolore batekoa, eta buru gainera dena biltzen dute, lasaiago izateko edo beste itxura baten emateko, horrela ileak agerian dira, atzean zintzilik eta txilikordan loturik. Hanitx erabiltzen dituzte kolore urdina eta txori horia, baina ezatseginena da denek eramaten dituztela eskalapoi handi eta oso itsutsiak.
    Erraten denez, emazteak Biarnon baino hobeki moldatuak dira eta aldarte hobekoak ere. Denak lasai dira Euskaldunak bezala, berritasunen etsai, beraien frankizietaz jeloskor, adoretsu eta eramaten dute sastakaia, zango bat luzekoa, eta gure ezpata zabalenak bezain zabal, baita ere eskopeta. Armatua ibiltzea onartua zaie aspaldiko denboretarik, alde batetik Frantziaren etsaiez inguratuak izanez, bestetik ehizan ibiltzeko eskubidea izanez, beraien herrian ohiko diren abere salbaietarik babesteko.  Denak lanari azkarki lotzen dira, bereziki lurraren landatzeari  eta abereen zaintzeari, eta bestetan bezala, zinez loriatsu dira, eta horregatik Xiberoa guzian ez da ikusten eskalerik eta arloterik.
    Ofiziale guti da, eta bakarrik behar beharrezkoak, hala nola hargin, zurgin, sarrailgin, zapatagin, joskin eta ferratzaile; ez du inork fabrikatzen oihal, galtzerdi edo bonetik. Diru biltzeko ahal bakarrak dira Espainia alderat idi batzuen saltzea, Oloroneko merkatarier ilearen saltzea, Espainian, Biarnon edo Baionan xerrikien saltzea. Hortan da beraien bizipide nagusia. Ontsa ulertu behar da nola lurraren landatzearen ondoren, beraien kezka nagusia da haritz oihanen zaintzea, hor biltzen dute hazkurritako ezkurra. Bazterretako etxalde guziek, baita hirietako etxe batzuek ere, badute etxe ondoan oihantto bat, etxearen apaintzeko eta beste beharrentzako, baina bereziki abereen hazteko; badituzte ere lurralde zabalak landatuak, edo hobeki errateko, harizdoi handiak, haritzak dituzte kimatzen, mozkintzen eta uste duten manera hoberenean lantzen dituzte, ezkur ekoizpen handienaren lortzeko.
    Haietarik zonbait badoatza lanera Espainiarat, lurren, mahastien, baratzen eta sagardoien lantzera ; belardiak segatzen dituzte, ogi, ardo eta olio uztak biltzen, eta oroz gainetik, langile bikainak dira lurraren itzultzeko eta higitzeko. Lur eremuen markatzeko egiten diren lubakien egiteaz edo konpontzeaz arduratzen dira.  Udako sasoi osoan, itxasoan eta arrantzan dira Lapurdiko jendeak eta etxetarik faltan, haien ordez lan berdinen egitera badoatza, eta modu horretan diru pixka bat ekartzen dute etxera. Espainiara joatearen alde txarrena da bertako sosa zinez zakarra dela, erresuma bakoitzean desberdina eta bestean balio ez duena, horrela ontsa pagatuak diren laborariak, saria Frantzia aldeko doblea da, sakelan duten burdineria guzia ematera behartuak dira urre apur baten eskuratzeko eta batzutan zaldiak erosten dituzte. Baina jakinda Espainiako erresumatik urre edo zaldi ateratzea debekatua dela, gertatu da dohakabe horietako batzu, aduanak harrapatu izanik sos edo zaldiekin, itzuli direla beren lanaren mozkinik gabe. Nola nahi ere, Frantziar bati Espainian sartzea erreal bat kostako zaio eta zerbait merkantzia izanez gero bi edo lau erreal pakatzera behartua izanen da, aduanako zergatik aparte. Frantzian ez da onartzen horrelako jarrerarik Espainiarrekin, eta ez dut ulertzen horrelako gloria izan duen nazio batek horrelako azpikeriak egitea.
    Xiberoaz ezer bazter utzi nahian, biztanleek ez zuten zergarik ordaintzen eta beraien egoera askoz hobetu zen Kataluinako gerra garaian, bertako tropen elikatzeko saltzen zituzten behi eta xerriak. Baina bi gauzek ontasunak galarazi zizkieten : lehena Iruriko kondeari errege eremuaren bererosteko dirutza handi baten mailegua egin izana. Herriak errege kontseiluan luzaz aldarrikatu zuen bererosteko ahalmena, beste probintzietako elkargoek egin zuten bezala, seinor bakar baten eskupean jartzeari ihes egiteko eta Erregearen eskupean soilik egoteko. Ezertarako izan zen, eta galdera justoa izanagatik, baztertua izan zenez, bererostea ezeztatu zen eta Pariserat eraman dirutza gaizki erabilia eta gastatua izan zen. Bigerrenik maileguaren berme izan zirenek ordaintzera behartuak izan ziren eta herriari galdetu zuten dirutzaren pagamena. Matalaz izeneko apez ero bat, Mitikileko erretorra, herria altxatzera deitu zuen. Malerus horrek piztu suaren itzaltzeko, Korteak bidali zituen hiru edo lau ehun zaldun Don Calvo, kapitain kataluiniarraren manupean. Hilabetez egon zen, bere alde aferen metatzez kezkatua Matalazen harrapatzeaz baino hau Xiberoan sartzeko lehen egunean egiten ahal zuelarik. Uste dut bizi guzia hemen pasatuko zuela arpilatzeko aski izanez gero, baina Mauleko biztanleak, eta inguruko laborari gazte batzu, Erregearen zerbitzuan egonik eta desolamendua zabaltzen ikusirik, bildu ziren bizkonde San Martinkoaren manupean, hau biarnear noblea eta Pau-ko gazteluburua eta konde Toulonjonko Xiberoako gobernariaren kapitaina, ordoki erdian den Geintein dorretxean aterbetu zen Matalazi eraso egin zioten. Hau gorde zen lehen estaian eta han erasotu zuten eta sua eman. Matalazen taldea errenditu zen. Bera hartua izan zen bost lagunekin eta besteak utzi zirtuzten joatera. Dener auzia egin zen ; bera kondenatua izan lepoaren moztera, degan bat, ordezkari mota bat, urkatzera eta beste bi galeretarat joatera, eta horrela gerla hori bukatu zen, Erregeak herriari amnistia orokorra eman zuelarik.
    Iruriko kondea, errege eremuaren eroslea, eta Belsunce jauna, Xiberoako gobernari eta gazteluburua izan ziren beste pataska baten erdian. Batek gaztelua nahi zuen errege eremua erostearen ondorio bezala, besteak atxikitzen zuen gobernari eta gazteluburu bezala. Herri ordezkariak eta errege ordezkariak alde banatan zatituak ziren eta Erregeak erabaki zuen : pataskaren oinarrian zen gaztelua desegitea.Belsunceren gobernari kargua konde Toulonjonkoak erosi zuen 10.000 libratan gaztelua bereraiki zuen eta beretako egoitza eder bat eraiki Lextarreko plazan. Gainera errege kontseilutik eskuratu zuen 3.000 libra Xiberoak pagatzekoa, Erregeak ematen zauzkon 750 libretarik aparte. Iruriko kondeak, ikusiz Belsunce baino sustengu gehiago zuela, utzi du jartzera baina bestaldetik, ezer ez zegoen Iruri konderri bilakatu zen eta lotu zituen Atarratze, Soroluze, Hauze, Astue, Liginaga, Aterei, Etxebarre eta Ozaze, errege eremuan zirelakoz, lotu zuen ere Barlanes, eta hemen ere erabilpenaz pataska bazen Biarno eta Xiberoa artean.
    Ohidurak denak libre (franko) zirela erranagatik, herri ttipietako jendeen desberdintasunetaz ohar garantzitsuak egiten ahal dira. Lehenik, nobleziaren eta herriaren arteko diferentzia, besteetan bezalakoa, aitor semeak zaldun edo ezkutari  dira. Baina Frantziako beste probintzien alderantziz, hauetan noblezia odolari eta personari izanki, hemen benetakoa da, etxe noble eta aspalditik zergagabeko baten jabetzari lotua. Izan zaitezen maila apalenekoa eta horrelako etxe baten erostearekin noble bilakatzen zira et nobleziaren pribilegioetaz goza dezakezu. Izan zaitezen erregea bezala aitor seme eta horrelako etxerik gabe, pribilegio gabe zira, laborari ttipiaren mailan. Eta bestalde, bi etxe mota daude. Lehen mailakoan hamar dira eta horien jabeek potestat izena dute, herriko aitor seme eta seinor nabarienak dira :
Lakarri Domek seinora
Domintxine Bimein seinora
Sibas Domek seinora
Olaibiko seinora
Ozaze Domek seinora
Etxarri Amixalgun seinora
Geintein seinora
Sarrikota Sala seinora
Ezpeize seinora
    Aitor seme horiek herriko epaile dira, gero esplikatuko dudan maneran, eta horiek bakarrik Xiberoako lurretan kanpoko abereen sartzeko eskubidea dute, bakoitzak 120 ardi eta ahariak, 60 xerrama eta berrata, 30 behi eta zezena eta 15 behor eta gainoa. Gazteluburu eta Justiziaburu den gobernariak doblearen sartzeko eskubidea du.   
    Bigerren mailako etxeek noblezia eta epaile eskubideak emaiten dituzte, « epaile epaitzen » izena dute. Herrian epaile dira, potestatak bezala. Etxe horiek dira : Montori, Atarratze, Iruri, Latsaga Liginaga, Astueko Etxekapar, Undureine, Hauze, Lexantzuko Urrutigoiti, Zibozeko Sala, Alozeko Mendisket, Ozazeko Jaurgain, Altzaiko Athagi eta Etxeberri,  Altzabehetiko Gorritepe eta Etxebarne, Zunarretako Harixmendi, Urdinarbeko Ahetze eta bertako hospitaleko aginte Altzurukuko Urrutia, Zuharako Etxeberri, Mendikotako Bereterretxe, Etxeberri, Jauregizahar eta Jauregiberri, Zalgize eta Beherekoa, Doneztebeko Sala, Gotaineko Sala, Irabarneko Domek eta Jauregiberri, Garindaineko Arrokain, Bildozeko Domek, Onizmendiko Domek, Onizeko Karrere eta Zaldun, Larunzeko Berreiti, Mitikileko Othegain , Undureineko Domek eta Jauregiberri, Sarrikotako Kasenave, Elizaga eta Goilliard, Geztaze, Erribareiteko Sala, Arueko Olasarri eta Rospide, Etxarriko Oihenart Domintxineko Garat eta beste bat, Lohitzuneko Berho eta Barkoxe.
    Potestat et noble titulua eramaten duten etxe horien gehiengoa jende arruntaren esku da, bakar batzu aitor semeenak, gogoz  eman dautate : Zibozeko potestata, Astueko Etxekapar, Altzaiko Irigarai, Alozeko Mendisket, Hauzeko Andurein, Doneztebeko Behere eta Sala, Mendikotako Jauregiberri eta Bereterretxe, Irabarneko Jauregiberri, Garindaineko Arrokain, Bildozeko Domek, Ezpeize jauna, Undureineko Jauregiberri, Sarrikotako Gollard, Arueko Olasarri eta Casamajor, Etxarriko Oihenart, Domintxineko Garat, Lohitzuneko Berho, Jeztazeko jauna, Erribareiteko Sala, Domintxineko jauna, Onizeko Onizmendi,
    Noble guzi horien artean aberats guti bada eta Xiberoa osoan Irurikoenak du itxura zerbait. Erregearen kortean den Iruriko konde gaztearen aitak du etxea egin, familiaren izena Peyré delarik, bere aita Oloroneko merkataria honera etxe noble baten erostera heldu zen, bera gazterik armetan sartu zen, urratsez urrats karguetan goratu, Louis XIII erregearen bihotzaldia lortu eta loturik egon, nahiz eta Richelieuk bereganatu nahi zuen, Erregeaz besterik ez zuela zerbitzatu nahi erranez (…)